UEMAko kide izatea erabaki du Berrobiko Udalak. Zergatik hartu duzue erabakia?
Berrobi herri euskalduna da, eta eskualde euskaldun batean kokatua dago. Tolosaldeko udal gehienak UEMAko kide dira, eta hizkuntzaren inguruan elkarlanean aritzea ezinbestekoa dugu, beste zenbait gaitan egiten dugun modura. UEMAko kide izateko aukerari orain heldu diogu, izan ere ekainean hartu genuen Udalaren gidaritza. Harrigarria iruditzen zitzaidan Berrobi UEMAn ez egotea. Egia esan, erronka pertsonal modura hartu dut, oso garbi ikusten bainuen bertan egon behar genuela. Taldekideen babesarekin baiezkoa eman diogu.
Berrobin euskararen indizea oso altua da: %87,5. Dena dela, arnasgune guztietan bezala, beheranzko joerak kezkatzen du Udala. Horrek ere izan du eraginik Udalaren erabakian?
Bai, noski. Udalerri euskaldun askotan gertatzen ari den galera nabari da Berrobin ere. Honek gure kezka handiagotu egin du. Hauskorrak dira gure herri txikiak, eta hizkuntza politika propioak landu nahi ditugu. Euskara da gure hizkuntza nagusia, eta etorkizunera begira hori sendotu nahi dugu, naturaltasunez ekinez, inertziatik kontzientziara pasatuta. Eta noski, hori guztia UEMArekin eta bertako kide diren beste herriekin batera egin nahi dugu.
UEMAren lana ezagututa, zein da hasiera batean UEMArekin elkarlanean bereziki indartu nahi duzuen arloa?
Lehenik eta behin, udal barruko erabilera planari emango diogu hasiera. Udal langile guztiekin bilduko gara eta nondik norako guztiak azalduko dizkiegu. Izan ere, hizkuntzaren alorrean gaur egungo funtzionamenduan aldaketak egongo dira, lehen mailan jarriz euskararen erabilera alor desberdinetan, eta baita administrazio desberdinen arteko harremanetan ere.