Euskara eta euskal kulturaren transmisioa irudikatzen duen horma

Leyre Carrasco 2023ko martxoaren 19a

Berrobin Ere Euskaraz taldeak udalarekin elkarlanean sortu duen horma irudia inauguratu dute goizean. Arkaitz Uranga margolaria izan da sortzailea.

Arkaitz Uranga ibartarrak amaitu ditu Berrobiko lanak, eta goizean inauguratu dute artistak sortutako horma irudia. Hilabete pasatxo behar izan du artistak lana bukatzeko. Iturriza janari dendaren eraikinean dagoen etxebizitzan dago irudia, eta bertan egin dute ekitaldia. Eguraldia ez dute lagun izan, hala ere, festarako gogoa ez da eten. Bertsolaria eta dantzariak izan dira, eta ekitaldiarekin amaitzeko Errope ostatura joan dira kalejiran mokadutxoa egitera.

Urangak esker hitzak besterik ez ditu izan: «Hasieratik lan on bat egin nahi nuen, eta zorte handia izan dut hemen inguruan lagundu didaten herritar guztiekin. Zoragarria izan da proiektua gauzatzea, nik ere euskararekiko gauza asko ikasi ditut, eta gaur egun balore altuagoa ematen diot euskarari».

Berrobin Ere Euskaraz Taldeak, Berrobiko Udalarekin batera sustatu duen proiektua izan da. Sustatzaileek adierazi bezala, «herrian euskararen erabilera bultzatu, ez euskaldunon artean bakarrik, baizik eta euskaraz ez dakitenak ere animatzeko, eta hemendik aurrera zer izango garen hausnartzera animatzeko» izan da proiektu honen helburu nagusia.

Irudia marrazteaz aparte, panel pedagogiko bat jarri dute hormaren ondoan bere irudiaren esanahia, helburuak eta nondik norakoak adieraziz. Panel horretan QR kode bat agertzen da, non horma irudiaren inguruko informazio guztia azaltzen den beste hainbat hizkuntzatan –gaztelera, ingelesa, katalana, eta frantsesa, besteak beste–.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!