Euskara eta euskal kultura, irudi bidez jarriak

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko abe. 29a, 11:59

Berrobiko Udalak eta herriko euskara taldeak batera gauzatu dute horma irudia; euskara eta euskal kulturaren transmisioa irudikatu dituzte.

Berrobin Ere Euskaraz Taldeak, Berrobiko Udalarekin batera sustatu du Arkaitz Uranga margolariak herriko etxebizitza bateko horman margotu duen irudia. «Horma irudi honen helburu nagusia herrian euskararen erabilerarako kontzientzia piztu, eta geroz eta biztanle gehiagok gure hizkuntza hitz egin eta babestea da», adierazi dute sustatzaileek.

Horma irudiaren ondotik pasatzen den guztiari zuzendua dagoela esan dute, baina ez dute soilik irudian gelditzea nahi: «Irudian agertzen diren sinbolo eta grafiek esanahi mitologiko, kultural, tenporal eta filosofikoa dute». Ikuslearengan zer hausnartua piztu nahi dute, eta era berean, «erakutsi euskaldunok, nortzuk izan ginen eta nortzuk izan nahiko genukeen».

Euskara eta euskal kulturarekin batera, naturak ere ez du hutsik egiten irudian, eta irudia inguruko paisaiarekin erabat integratuta geratzen da eraikinean. Tranpantojo teknika erabili du pintatzeko Urangak, eta irudia bera olio bidez margotua izan da. Hilabete pasatxo behar izan du artistak lana bukatzeko.

Irudia marrazteaz aparte, Hezkuntza proiektu bat zabaltzea aurreikusi dutela ere aurreratu dute taldetik, eta panel pedagogiko bat jartzeko asmoa dutela ondoan azaldu dute: «Irudiaren esanahia, helburuak eta nondik norakoak adieraziz».

EUSKAL KULTURAKO SINBOLOAK

Aritz Alkain zinegotziak eta euskara taldeko kideek jakitera eman dutenez, gertuko artista bat izatea nahi zuten. Arkaitz Uranga ibartarra izan da margolaria. Horma irudia diseinatzeko azterketa sakona, eta euskara eta naziotasunaren inguruko gogoeta egin duela adierazi dute, «euskal kulturako sinboloak eta mitologiako pertsonaiak gaineratzeko». Horretarako, gaian aditu baten laguntza izan du.

Etxebizitza bat izan da margotzeko aukeratu duten lekua, eta esan duenez, hasierako momentutik oso harrera ona egin zioten egitasmoari: «Zuzenean parte hartu dute». Irudia ez da oharkabean igarotzen, Berrobira iritsi eta berehala ikusten da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!