Euskararen Eguna 2022

Bittor Madina omendu du Berrobik

Leyre Carrasco 2022ko abenduaren 4a

Berrobiko herriak ezustekoa prestatu dio herrian irakasle izan zen Bittor Madina herritarrari. Euskararen alde eta herrian egindako lana eskertuz egin diote omenaldia herritarrek.

Berrobiko plazan jendetza elkartu da gaur. Izan ere, euskararen eguna ospatuz, herrian euskararen alde egindako lana eskertu nahi izan diote herrian irakasle izan zen Bittor Madina herritarrari. Bertan, berarekin lan egindako irakasleak, ikasle ohiak eta senideak elkartu dira. Ezkutuan prestatu dioten sorpresa izan da, eta ezustean harrapatu badio ere, esker hitzak besterik ez ditu izan guztientzat.

Bere ikasle ohiak izan direnek bertsoa abestu diote lehenengo. Adin berdineko taldeetan banatuta, helduak hasi eta gazteak bukatu dute, eta ondoren, guztiek batera azken bertso bat abestu diote. Bere ibilbideari errepasoa ere egin diote Ramon Olasagasti herriko idazleak eta Begoña Olamusu liburutegiko arduradunak: "Erreferente garrantzitsua izan zara arlo eta modu desberdinetan. Zuk hain goxo eta eskuzabal erakutsitako bidea jarraitzen ari gara, eta badakigu zure beharra dugunean laguntzeko prest zaudela. Zure ibilbideari errepasotxo hau eginda, gaurkoan zu ospatzeko elkartu gara. Atzera begira jarri eta egin duzun lanagatik merezi duzun aitortza eta eskertze egin nahi dizugu. Jakin dezazun horren beste eman diozun herri honek badakielako nolako pribilegioa izan den Bittor Berrobin izatea. Irakasleek diozuen bezala, segi horrela Bittor. Eskerrik asko".

Herriko dantzariek agurra dantzatu diote ondoren, eta hiru opari ere egin dizkiote; egur tailan idatzitako bertsoa, bererarekin elkarlanean aritutako irakasleek lore sorta ere eman diote, eta berrobitar guztien izenean egurrezko makila jaso du azkenik. Amaitzeko, azken abesti bat abestu dute guztiek batera.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!