Kamel Ziani eta Idoia Nogales izan dira azkarrenak Berrobiran

Irati Saizar Artola 2022ko irailaren 17a

Denera 73 parte hartzailek osatu dituzte Berrobi inguruan 7,5 kilometro, herriari bost itzuli emanda. 

Beste urte batez egin dute Berrobira lasterketa, Ibin Kirol Klubaren eskutik. Lehenik, gaztetxoen txanda izan da, eta ondoren etorri dira helduak, 16 urtetik gorakoak. Denera 7,5 kilometro osatu behar izan dituzte, herriari bost itzuli emanez. 73 lagunek hartu dute parte, iaz baino hiru korrikalari gehiagok. 

Gizonezkoetan lehena Kamel Ziani izan da, 23.29ko denboran. Bigarren Iñigo Exposito izan da, 23.41ean helmugaratuta eta podiuma Aitor Etxeberria berastegiarrak osatu du, 23.49an. Emakumezkoetan, Idoia Nogales izan da azkarrena, 27.49ko denboran, eta atzetik izan du Maialen Gurrutxaga, 29.41eko denborarekin. Hirugarren emakumea Josune Alberdi izan da, berrobitarra, beraz, lehen herritar moduan ere txalo zaparrada jaso du. Gizonezkoetan lehen herritarra Jon Altuna izan da.

Kategoria bakoitzeko lehen hiru sailkatuek garaikurra jaso dute; eta lasterketa bakoitzeko azkarrenek, gainera, 100 euroko ordainsari bana jaso dute. Lehen bi herritarrek ere garaikurra jaso dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!