Berrobiko 70 familiak eta saltoki txikiek %25 aurreztu ahalko dute argiaren fakturan

Ataria 2022ko maiatzaren 20a

Irailetik aurrera 100 plaka fotovoltaiko martxan jarriko dituzte eskolako estalkian; energia hori aprobetxatu nahi duten herritarrek ekainaren 20a baino lehen eman beharko dute izena.

Berrobiko eskolako estalkian 100 plaka fotovoltaiko jarriko dituzte uztailean. Ekisolar enpresa arduratuko da horretaz, eta martxan, elektrizitatea sortzen, irailaren hasieran hasiko dira. Panek horien bidez, David de Miguel alkateak esan duenez, %25 arte aurreztu ahalko dute 70 etxek eta saltokiek urteko faktura elektrikoan.

Oraingoz, 21 familiak eman dute izena, baina ekainaren 20ra bitarteko epea jarri dute izena emateko. Ikastetxetik 500 metroko erradioan dauden etxeek eta saltokiek eman ahal izango dute izena. Alkateak esperientzia horretan parte hartzera animatu nahi ditu herritarrak: "Urteko faktura %25 arte murrizteaz gainera, atmosferara 392 tona CO2 isurtzea saihestuko da, eta kontuan izan behar da kopuru hori udalerrian 25 urtez CO2 xurgatzen egongo liratekeen 1.570 zuhaitz landatzearen baliokidea dela".

Berrobiko Udalak doan utzi dio Berrobiko Tokiko Energia Komunitateari eskolako estalkiaren erabilera. 300 metro karratuko azaleran, 100 plaka jarriko dira, 40 kWp-ko potentzia dutenak. Estalkia hamabost urtez utziko zaiela azaldu du alkateak, eta lagapena beste hamar urtez luzatu ahalko dela.

Irailetik aurrera, beraz, martxan izango dira eskolako estalkiko plaka fotovoltaiko horiek, eskolako patioan udal eraikinen autokontsumorako jarritakoaz gainera. Patioko estalkian 62 plaka daude; iaz hasitako proiektua da eta udalak 32.000 euroko inbertsioa egin du: "Sei urtetan amortizatuko da fakturetan izango diren aurrezpenen bidez, eta 25 urteko bizitza erabilgarria dute".

Izena eman nahi dutenez, 150 euro ordaindu beharko dituzte hasietan; hiru epetan ordaindu ahalko dute, eta hilero TEKen bezero direnek 7 euro ordainduko dituzte. De Miguelek esan duenez ez dago iraunkortasun konpromisorik eta baja edozein unetan eskatu ahalko da. Interesa dutenek, Tekberrobi.eus webgunea bisitatu daiteke, info@tekberrobi.eus helbidera idatzi, edota 946 856 312 zenbakira deitu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!