Berrobin tokiko energia komunitatea jarriko dute martxan

Tolosaldeko Ataria 2021ko urr. 25a, 18:59

San Andres eskolako teilatuan 100 eguzki plaka jarriko dituzte eta bertan sortutako energiarekin, 70 etxebizitza hornitu ahal izango dira, faktura elektrikoa merkatuz

Energia berriztagarriak eta autokontsumoa sustatzera bideratutako tokiko energia komunitatea aurkeztu dute Berrobin. San Andres ikastetxe publikoaren eraikina utziko du udalak bertan eguzki plakak jartzeko eta han sortutako elektrizitatea herriko familien artean banatuko du. Gipuzkoako Foru Aldundiko Jose Ignacio Asensio Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako diputatuak, David de Miguel Berrobiko alkateak eta Juan Diego Edinor enpresako kontseilari delegatuak aurkeztu dute ekimena.

Herriko ikastetxe publikoaren estalkiak 300 metroko koadroko azalera du eta bertan 100 eguzki plaka jartzeko asmoa du Berrobiko Udalak. 40 kW-ko instalazioa aurreikusi dute eta bertan sortutako elektrizitatearekin hornitu ahal izango dira Berrobiko tokiko energia komunitatean parte hartzen duten familiak. Instalazioaren 500 metroko erradioan kokatutako etxebizitzak parte hartu ahal izango dute komunitatean. «70 etxe dira energia berdeaz hornitu ahal izango direnak, herrian dauden ia gehienak», esan du De Miguelek. «Ekimen hau aukera ona da udalerriko herritarrentzat; izan ere partekatutako autokontsumo erregimenari esker faktura elektrikoa merkatzeaz gainera, Berrobiko energia iraunkorraren kontsumoa ziurtatuko zaie familiei».

Plaka fotovoltaikoak aurki instalatuko dira eta honenbestez San Andres ikastetxearen 500 metroko erradioan bizi diren bizilagunak eta saltokiek eman dezakete izena komunitatean. Bertan parte hartzeko interesa duten herritarrek aurre inskripzioa egin beharko dute Berrobiko udaletxean. «Prozesuan zehar arreta berezia eskainiko zaie ahultasun energetikoan dauden familia-unitateei», esan du alkateak.

Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak horrelako ekimenak bultzatu eta erraztu behar direla esan du, «autokontsumoa, mendekotasun energetikoa eta energia berriztagarrien erabilera sustatzeko». Asensioren esanetan hori da trantsizio energetiko justu baterako jarraitu beharreko bidea. «Energia komunitateek energia sortzeko, kontsumitzeko eta kudeatzeko eredu berria dakarte; sistema energetiko deszentralizatu, zuzen eta efiziente bat lortzeko, eta gipuzkoarrak ahalduntzeko, publiko-pribatuaren arteko lankidetza da eredu honen funtsa».

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen departamenduak bultzatutako ekimen honen helburua lurraldearen mendekotasun energetikoa murriztea da, berriztagarrien erabilera sustatuz eta autokontsumoa bultzatuz. «Energia komunitateek energia berriztagarrien erabileran oinarritutako eredu jasangarria sustatzen dute, kontsumitzaileek aurreztu egiten dute eta energia pobreziari aurre egiteko tresna eraginkorra dira», azpimarratu du Asensio Ingurumen diputatuak.

Gipuzkoako Foru Aldundiko iturriek azaldu dutenez, Gipuzkoak duen menpekotasun energetikoa %92koa da, eta beraz, herrialdeko autohornikuntza ez da %7tik gorakoa. «Gipuzkoako 2050erako Jasangarritasun Energetikoaren Estrategiaren helburuetako bat da lehen mailako energia berriztagarria sortzeko lurralde ahalmena handitzea, eraikinetan eta beste unitate batzuetan autokontsumorako energia banatzeko hainbat eredu bultzatuz», esan du diputatuak.

Autokontsumoa sustatzeaz gain, proiektuaren beste helburuetako bat berriztagarrien kuota hobetzea da, gaur egun ez baita %20ra iristen. Gipuzkoako Jasangarritasun Energetikoaren Estrategiak berriztagarrien kuota %80ra iristea planteatzen du 2050. urterako.

EREDU JASANGARRIRANTZ

Edinor enpresak parte hartuko du Berrobin gauzatuko duten proiektuan. Trantsizio energetikoko egitasmoen artean hiri eremuetan tokiko energia komunitateak bultzatzen eta garatzen egiten du lan Edinorrek. Bertan kontseilari delegatu aritzen den Juan Diegok adierazi duenez, proiektu honekin Berrobin CO2 isuriak 392 tona murriztuko dira urtebetean, «herrian 1.600 zuhaitz landatuz gero lortuko litzatekeen onura bera».

Aurrezpena ere aipatu du Edinorreko kontseilariak eta nabarmendu du Berrobiko tokiko energia komunitatean parte hartuz gero, argiaren fakturan urtean %20 aurreztuko duela familia unitate bakoitzak. «Faktura elektrikoan sartzen diren bidesari eta karguen kostuak aurreztu ahal izango dituzte herritarrek». Kontsumitzaileak ahalduntzea da eredu berri honen hirugarren ardatza, horrela nabarmendu dute ekimenaren sustatzaileek: «Herritarrek energia berriztagarrien ekoizpenean, erosketan, kontsumo eta biltegiratzean rol aktiboa izatea ahalbidetzen du».

Energia eskariaren kudeaketa efizientean oinarritutako eredu energetikoa bultzatu nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak eta horretarako urratsak ematen ari da herriz herri. «Ekonomia deskarbonizatu eta lehiakor baterako bidean palanka nagusia dira tokiko energia komunitateak. Eskaria murrizteak eta iturri fosilen ordez energia berriztagarriak erabiltzeak ahalbidetzen dute aurrera egitea, kostua murriztuz, ingurumen inpaktua gutxituz eta energia segurtasuna areagotuz».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!