Berrobiko alkateak aldundira jo du kutxazain automatikoa jar dezaten

Tolosaldeko Ataria 2022ko urt. 28a, 14:05

Pasa den urteko udatik ez dago erabilgarri herriko kutxazain automatiko bakarra; udalak konpontzea eta hilean 1.000 euro ordaintzea exijitu du Kutxabankek.

Berrobin kutxazain automatiko bakarra dago, Kutxabankena, eta pasa den urteko udatik ez dago erabilgarri. Hori dela eta, David de Miguel Berrobiko alkateak gutun bat bidali dio Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapen, Turismo, Landa Ingurune eta Lurralde Orekako diputatuari, Kutxabanken aurrean esku hartzeko eskatuz.

Eskutitzean, De Miguelek azaldu dio banketxeko arduradun batzuekin harremanetan jarri dela, eta erantzuna izan dela kutxazain automatikoa berriro irekitzeko modu bakarra udalak konponketa ordaintzea dela; baita hilean 1.000 euro ordaintzea ere, hura mantentzeko. Alkatearen ustez, eskaera eta gastu hori "onartezina" da udalarentzat.

Halaber, Berrobiko alkateak esan dio Larrañagari Berrobi bizitzen ari den egoera hori ez dela salbuespena: "Gipuzkoako beste udalerri txiki batzuk ere jasaten ari dira kutxazain automatiko eta banku-sukurtsal asko itxi baitituzte". Horregatik, neurriak hartzeko eskaera formala egin dio, eta Gipuzkoan dauden banketxeen aurrean esku hartzeko eskatu dio, herri txikietan itxitako kutxazain automatikoak berriro zabaltzeko. "Herritarrek dituzten eskubideak bermatu behar ditugu", esan du.

De Miguelek aitortu du kutxazain automatikorik ez izatea "tamalgarria" dela, eta eragozpen handia dela, "Ibarrara edo Tolosara joan behar duten herriko adinekoak zigortzen dituelako bereziki". "Kasu askotan, halaber, pertsona horiek senide edo lagunen bati beren kontu korrontetik eskudirua ateratzeko eskatu behar diote, edo beste banku-eragiketak egin behar dituzte, besteak beste, beren kontuaren saldoa, azken mugimenduen kontsulta, aurreordainketako banku-txartelen birkarga eta telefono mugikorrena". Alkateak azaldu duenez, herritarrak kexu dira egoera “deserosoa” delako. Are gehiago, “babesik gabe eta ahaztuta” sentitzen direla salatu dute, eta hori “oso tristea” dela adierazi du.

Berrobiko alkateak esan du, "Javier Larrañaga diputatua Lurralde Orekako Zuzendaritzako arduradun den heinean, "herri txikietako eta hiri-ingurune aurreratuenetako biztanleek antzeko bizi-baldintzak izan ditzaten ahalbidetzea du helburu, eta horregatik, Gipuzkoako herri txikien izenean esku hartzeko eskatu diogu, gure gizarteko ahulenei bankuetan arreta bermatzeko".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!