GOGORATUZ

«Kalitatezko haragia egin behar duzu, bestela jai dago»

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko abu. 14a, 07:59

Berrobin dago Lesmesen txerria eta bertan lan egiten du Mikel Belauntzaranek; umetatik maite du baserria eta baserriko lana, eta gustuko duen lanari helduta pozik ari da, nahiz eta, oso lan lotua izan.

Berrobiko Uxarre baserrian jaio zen Mikel Belauntzaran, eta bertan lan egiten du. Lesmesen txerria moduan ezagunagoa den txerritegia da, eta txiki-txikitatik egokitu zaio baserrian lan egitea. Txerri eta txerrikumeez gain, haragitarako txekorrak ere hazten ditu, eta gustuko du egiten duen lana. Hori bai, eskerrak ematen dizkie gurasoei «lanean hainbeste laguntzeagatik», eta baita emazteari eta familiari ere.

Nola gogoratzen duzu zure txikitako baserri hura?

Oroitzapen oso politak ditut. Lehen esnetarako behiak genituen baserrian, eta behin behiak jetzita amarekin kalera joaten ginen esnea partitzera. Beste era batekoa zen, baina oroitzapen oso politak ditut.

Gustuko zenuen baserria?

Bai. Batzuetan haserretzen ginen jolasera joan nahi, eta baserrian lan egin behar zelako, baina gustukoa nuen.

Nerabezarora sartuta, bazenuen baserrirako joera?

Bai. Beti izan dut nik. Tarteka parrandaren bat edo beste egitean, eta hurrengo egunean jaikitzean... orduan arazoak. Baina, baserriak hori du.

Noiz eta nolatan erabakitzen duzu baserritik bizitzea?

Nik eskolarako gogo handiegirik ez nuen, eta betidaniak nahi izan dut lan egin baserrian. Beraz, ez zen oso erabaki gogorra izan. Aitaren eta amaren lanarekin neronek jarraituko nuela erabaki nuen.

Ingurukoek zer esan zizuten?

Naturaltasunez hartu zuten denek. Ondo hartu zuten, eta gurasoak ere pozik atzetik jarraipen bat izatearekin. Egia esateko, gustura.

Aitaren eta amaren baserriari jarraipena eman diozu, beraz?

Bai, horrela izan da. Gustuko lana izatearekin, ez zen erabaki zaila izan. Gainera, bizitza osorako gustuko lan bat nahi izaten duzu.

Zer da zure egitekoa Lesmesen txerria ustiategian?

Goizetan, hasteko jatekoa eman. Gero, erditzeak izaten dira, eta nola ari diren erditzen begiratu, edo intseminatu behar direnak guk intseminatzen ditugu. Eta gero atzetik lan gehiago ere izaten dira ustiategitik kanpora ere. Paper kontuak direla edo harategietara joan behar dela. Behiekin ere, itxiturak egin behar direla edo udan kanpoko lana ere asko izaten da. Belarrak direla eta, lan asko pilatzen da.

Aspertzeko tarte handirik ez, beraz.

Ez. Hemen lanik ez da sekula bukatzen. Orduan eta lan gehiago egin, orduan eta lan gehiago ikusten da. Eguneroko betea izaten da. Guk bezala 365 egunetan jaten dute. Bat ez bada bestea egunero etorri behar izaten da, eta lan egin. Hori du, lotura.



Zer da baserriko lanetik gehien baloratzen duzuna?

Animaliekin lanean aritzea bizitu egiten dut. Animaliak gustuko badituzu, jaiotzen laguntzearekin, animaliak ondo ikustearekin eta zaintzearekin disfrutatu egiten duzu.

Intseminatu ere zerorrek egiten dituzula aipatu duzu. Nolakoa da prozesu hori?

Lehen apo bat edukitzen genuen. Haziak atera eta mikroskopikoan ikusi ostean, zenbat esperma duen aztertzen da, eta ur destilatuan sartzen dira. Zazpi egunetarako balio dute. Gero, zeloan jartzen denean txerramari hazia jartzen zaio bi egunetan jarraian. Batzuetan hori guztia egiten dugu, baina beste batzuetan erosi egiten ditugu haziak. Bietatik egiten dugu, baina azkenaldian gehiena erosten ari gara. Denbora askorik ere ez dugu, eta apoa ere beti kalitatekoa eduki behar duzu punta-puntan eta...

Behin hazia jarrita, zenbateko haurdunaldia izaten du txerri batek?

112 egun. Hiru hilabete, hiru aste eta hiru egun.

Ama bakoitzari jarraipen zehatza egiten diozu?

Ordenagailuko programa bat dugu, eta bertan datu guztiak sartzen ditugu. Txerri bakoitzak bere zenbakia du, eta noiz intseminatu dugun sartzean, ordenagailuak esaten digu noiz izango dituen umeak. Eta gero zenbat ume izaten dituen ere sartuko dugu, eta horrela txerri bakoitzaren historia dakigu: txerri ona den edo txarra den, kendu behar den... dena esaten digu.

Ume asko izatearen fama du txerriak.

Guk 2014an saria bat jaso genuen. Urrezko txerria. Urteko batez bestekoa, txerri bakoitzak, amari kenduta, 30,77 txerrikume. Oso emaitza ona da. Orain, 27,30-29 baten bueltan gabiltza. Bi haurdunaldi eta erdi edo izaten ditu txerri bakoitzak, eta hamahiru-hamalau bat txerrikume izaten dituzte.

Umeak izaten dituenean lana ematen du txerriak?

Bai, hasieran beti begiratu egin behar da txerriak umeak ez zapaltzeko. Txerrikumeak izateko lekuak onak ditugu, baina beti pixka bat gainean egon behar duzu. Gero, batek esaterako 16 ume egin baditu, guztiak ezin ditu hazi, beraz, beste batek hamaika egin baditu, asko egin dituenari hiru kendu eta besteari gehitzen dizkiogu. Horretan kontrol pixka bat eman beharra dago gero batez besteko ona ateratzeko.

Atseden egunik bada baserrian ?

Ez. Horixe da ofizio honek duen txarrena. Langile bat badut, eta gurasoek ere asko laguntzen didate, eta oraindik behintzat moldatzen naiz egun batzuk jai hartzeko. Emaztea eta alabekin disfrutatzeko ere behar da pixka bat.

Damutu al zara inoiz hartutako erabakiarekin?

Ez. Sekula ez. Gustukoa dut lana, eta ondo ari gara gainera lanean.

Txerrikumeak haztean saldu egin behar.

Sare bat egina dut, eta bezero onak ditugu. Txerri handiak edo txerrikumeak denetarik saltzen dut, eta baserritar asko etortzen zaizkit txerrikumeak erostera ere. Eta Gipuzkoa mailan gu arduratzen gara saltzeaz.

Hemen inguruan txerritegia duen bakarra zara?

Egia esateko beste bat badago Usurbilen. Haiek txiki-txikiak bakarrik hazten dituzte, erreta jateko txerrikume txikiak. Gu bezala denetarik egiten dutenak gu bakarrik gaude. Lehen bazen beste bat Errenterian, baina itxi egin zen. Negozio ona izan bazen agian gehiago egongo ziren!

Erraz saltzen da txerrikia?

Lana eginda, eta produktu on bat ekoitzita bai. Kalitatezko haragia egin behar duzu, bestela jai dago. Merkeago egin daiteke txerria, baina ustiategi txiki batean kalitatea ez baduzu egiten alferrik ari zara. Aitak kalitatezko haragia egitea erabaki zuen garestiago ateragatik.

Baserritarrok egiten duzuen lana baloratzen dela uste duzu?

Ez, baztertuta moduan gaude eta ez da asko baloratzen. Bizimodua gora doan bezala haragiak lehengo prezioetan jarraitzen du. Argia, pentsua,... dena gora igotzen da haragia ezik. Ez zaigu marjinarik geratzen eta komeriak datoz hemen.

Zalantzan dagoen gazte bati zer esango zenioke?

Zerotik hastea oso-oso zaila da. Gaur egunean guk duguna zerotik hasita ez dago egiterik. Baina zerbait baldin badu, eta gustatzen baldin bazaio aurrera egiteko esango nioke. Urte asko pasa behar dira lanean, eta garrantzitsua da lan hori gustatzea.

Elkarrizketa osoa entzun Baserritik saioan: "Lana eta produktu on bat eginda, erraz saltzen da txerrikumea".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!