Gehigarria: turismoa

Abangoardia mokadu bilakatuta

Ataria 2021ko uzt. 18a, 09:00

Argazkilaria: Irene Arin

Mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko negu hotzean ireki zituen lehen aldiz ateak, Berrobiko Iriarte jatetxeak. Baserri zaharra berritu eta gastronomiari egin zion lekua nekazaritzatik eta abeltzaintzatik eratorritako familiak.

Herrietako ohiko taberna bat izan zen hasieran. Ederki gogoratzen du Felix Belaunzaran oraingo nagusiak. «Gurasoak inoiz ez ziren ostalariak izan, baina nik sukaldaritza ikasketak egin nituen, eta beste itxura bat eman nahi nion lekuari».

Hainbat sukaldetan lanean ibili eta asko ikasi ondoren, 27 urterekin hasi zen Berrobin lanean. 22 urte daramatza; «ia bizitza erdia», esan du. Belaunzaranek argi du beraien filosofiarekin bat datorren jatetxea diseinatu zutela. «Sukaldaritza tradizionala baina sortzailea da gurea. Sinplea, euskal gastronomian finkatua eta bertako eta garaiko produktuak oinarri dituena. Gastronomia onaz gozatzeak ez du zailtasunik eskatzen: gure lantaldeak modu sinplean kozinatzen ditu osagaiak, ondoren plater liluragarri bilakatzeko. Fusio perfektua da».

Zalantzarik gabe, txerrikume errea da bertako nortasun ikurra. «Kilometro 0 baino gehiago da. Dalan arraza hibridoko txerriak dira eta nire anaia Mikelek hazten ditu aitaren txerritegian, jatetxetik metro gutxira. Kalitatezko zaintzarekin, amaren esnez bakarrik elikatzen dira. Horregatik, kozinatzean duen hezetasun eta gatz-punturik onenari esker, azal kurruskaria eta haragi oso samurra dituen jaki bilakatzen dira». Hasieratik jakin zuten hori izango zela etxeko berezitasuna. «Gehiago eskaintzen hasi ginen, eta demanda are handiagoa zen oraindik. Gure plater izarra da, bezeroen %80ak eskatzen du, eta bertatik abiatuta osatzen ditugu menuak». Bezeroek arraina jan arren ere, Belaunzaranek txerrikume zati bat dastatu dezaten nahi izaten du. Bestela, dastaketa menua edota eguneko menua izaten dituzte; eskaintza, ordea, etengabe doa berritzen. «Hasieran ez genuen parrilarik eta bezeroen eskaerengatik jarri genuen». Lantaldean ere nabaritu dute jatetxeak bikain funtzionatzen duela. «Lehen 4 langile ginen eta orain dozena bat gara».

Urteetako jarraikortasunari eta lanari esker etorri da arrakasta. Gaur egun, gainera, erraztasunak ematen dizkiete bezeroei, tratua are gertuagokoa izan dadin: terraza berria jarri dute, edukiera handituz; bezeroek erreserba eginez gero, taxian joan-etorriak egiteko aukera dute; eta duela gutxi, etxerako janaria zerbitzatzen eta garaiko produktuekin osatuta Iriarte kaxak saltzen hasi dira.

IRIARTE JATETXEA

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!