Eskola atariko parkea berrituko du Berrobiko Udalak

Ataria 2020ko urriaren 29a

Udalak 16.000 euro bideratuko ditu parkea berritzeko eta inguruko eserleku berriak jartzeko; azaro hasieran egitea aurreikusi dute.


Berrobiko Udalak eskolaren parean kokatuta dagoen jolaslekua berritu eta hobetuko du. Egoera «txarrean» dauden jolas piezak aldatuko dira, eta egun jarrita dauden eserlekuak kendu eta berriak jarriko dira. 

Elementu guztiak aldatuko dira: txirrista duen jolas egitura kendu eta handiago bat jarriko da, eta bi kulunka eta egitura ere ordezkatu egingo dira; eta malgukizko hiru jolasen goiko zura kendu eta berria jarriko da. 
Jolas pieza horiek 2001ean jarri ziren, eta harrezkero ez direla berritu esan du udalak. Duela hiru urte, ordea, haurren erorikoak moteltzen dituen moketa erako zorua jarri zuten. 

David de Miguel alkateak esan duenez, zoru hori mantentzea «korapilatsua» da, zoladura horretarako erabilitako materialaren ezaugarriak direla eta. Proiektua Zizurkilgo Garra SL enpresak egingo du, eta pieza berriak azaroaren hasieran muntatuko dira, «eguraldiak horretarako aukera ematen duen egunen batean». Beraz, «hemen jolasten diren haurrak ordu gutxi batzuetan bakarrik geratuko dira jolastu ezinik», esan du alkateak.

De Miguelek azaldu duenez, gurasoen elkartearen eskaeraz erabaki dute jolaslekua berritzea.  Gainera, alkateak esan du, «pieza batzuk hautsita zeudenez, ezin zela bermatu horietan jolasten ari ziren haurren segurtasuna».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!