Koronabirusa

«Turismoaren sektorea izango da burua altxatzen azkenekoa, eta horixe egokitu zaigu»

Irati Urdalleta 2020ko eka. 5a, 20:00

Irango Isfahan hirian. AGURTZANE BELAUNTZARAN

Buruan zituen bidaiak egin ezinda geratu da oraingoz Agurtzane Belauntzaran (Berrobi, 1979). Uste du ondo etorri zaiola geldialdia, eta faltan botatzen zituen gauzak egiteko aukera izan du.

Zure lanean dezenteko eragina izango zuen pandemia honek, ezta? 

Lan askotan gisa, turismoan ere eragin zuzena izan du. Pandemia garaian, jende asko geratu da lanik gabe edo lanera joan gabe, baina pixkanaka badirudi gauzak badoazela martxan jartzen. Turismoaren sektorea izango da burua altxatzen azkenekoa, eta horixe egokitu zaigu.

Munduan zehar ibiltzen zara gida lanetan. Non zeunden pandemia hasi zenean? 

Zorionez, pandemiak etxean harrapatu ninduen. Otsailean, Zeelanda Berrian lanean nengoen, eta han jada nabari zen, txinatarrei mugak itxi zizkietelako.

Munduan zehar ibiltzetik, etxean egotera pasa zara. Nola bizi izan duzu hori? 

Askok galdetu didate «Etsitzen duzu etxean?». Uste dut beharra ere izaten dela askotan. Bidaiatzen lan egiten dugunok, batzuetan behar dugu pixka bat sustraitzea. Batzuetan, oso gauza sinpleak botatzen nituen faltan. Adibidez, hilabete oso batean ohe berdinean lo egitea. Orduan, faltan botatzen nituen gauza horiek egiteko aukera izan dut. Egia da herri txiki batean bizi naizela, eta horrek ere asko errazten duela etxetik mugitu gabeko egoera bat bizitzea. Nik ondo eraman dut hori; orain ez daukat antsietaterik korrika inora joateko. Uste dut lasaitu egin nauela eta behar nuela.

Pandemia hau hasi izan ez balitz, zein asmo zenuen? 

Mozambiken indiakoak belauntzi tradizional batean nabigatzen. A. BELAUNTZARAN

Aste Santuan Turkian lana nuen. Buruan banuen bidai batzuk nire kabuz egitea ere maiatzean eta ekainean. Gero, uztailean eta abuztuan, Afrikan lan egin behar nuen. Udarako lanak erori zaizkit, eta horrek esan nahi du urte honetako bidai gidari lanak ere erori direla.

Udara begira, ikusten al duzu lanerako eta bidaiatzeko aukerarik? 

Lanerako aukera, nik lan egiten dudan horretan, ez. Azkenean, mugak gainditzen ditu nire lanak: hegazkinak hartu behar ditut eta beste herrialde batera, beste kontinente batera joan beharko nuke. Beste lan aukera batzuk bilatu beharko ditugu. Zein? Hor dago gakoa. Kazetaria naiz, eta kolaborazio batzuk han-hemenka eginez, biziraungo dut. Etorkizun laburrean ez dut asko pentsatzen; bestela, tristatu egingo nintzateke agian. Uste dut ohitu garela ongizate gizarte batean non gauza guztiak ondo ateratzen diren, eta orain bat-batean zerbait ez da ondo atera, eta honek kolokan jarri gaitu.

Zuen lana zuzenean dago lotuta turismoarekin. Iruditzen zaizu jendea bidaiatzera animatuko dela? 

Udan uste dut Euskal Herriko mugetan, eta mugaz harago, Espainian ibiliko garela. Nik uste nuen jendeak edukiko zuela bidaiatzeko beldur gehiago, baina jakin dudanez, nik lana egiten dudan bidaia agentziara jendea deika ari da. Uda honetan behintzat, uste dut turismoa aldatuko dela. Askotan, entzun dut honakoa: «Uda honetan hemen geratu beharko dugu». Badirudi oporretara joatea edo bidaiatzea sekulako premia dela, eta egiten ez baduzu, porrot bat dela zure bizitzan. Bertakoa ezagutzeko aukera emango digu, eta bertako turismoa ere indartu beharko dugu.

Bidaiatzen lan egiten dugunok, batzuetan behar dugu pixka bat sustraitzea

Muga denak itxi egin dira momentuz. Horrek eragina izango zuen zuen lanean, ezta? 

Zuzenean. Ez da bakarrik jendeak bidaiatu nahi ote duen, kontua da baita ere gainontzeko herrialdeek nola hartuko dituzten gainontzeko herrialdeak. Gauza asko daude gure eskuetatik kanpo daudenak. Eta hegazkinetan zer? Hegazkinen edukiera guztia beteko da? Eta betetzen ez bada, prezioak berdinak izango dira? Txartela erosiz gero, ziurra izango da ez dela bertan behera geldituko azken orduan? Onena bertatik bertara bidaiatzea izango da aurtengoan behintzat.

Zimbabwen Victoria Falls herrian. A. BELAUNTZARAN

Aipatu duzu bidaia asko bertan behera gelditu zaizkizuela. Laguntzarik izan al duzue horri aurre egiteko? 

Langile moduan ez. Nik soldata zerbitzuko jasotzen dut, hau da bidaiako. Ez badut bidaiarik, ez daukat soldatarik. Dena den, ni bezala bizitzen garenok ez dut justifikatzen honekin laguntzarik ez jasotzea- ekonomikoki ere ohituta gaude gorabehera askorekin bizitzera.

Etorkizunera begira jarrita, zer eskatzen diozu etorkizunari? 

Sozialki zerbait ikasiko genuela espero dut. Krisi handiak ere irakaspen handiak dira: altxako dugu burua.

Eta profesionalki nola ikusten duzu etorkizuna? 

Itxaron egingo dut 2021era arte.

Erlazionatuak

Mugak ixteak ogibidea mugatu die

Irati Urdalleta 2020 eka 05 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!