Gaztenek programa baliatuko dute proiektua gauzatzeko, eta orain buru-belarri proiektuarekin ari dira. Besteak beste, eskariari erantzun ahal izateko ekoizpena handitzea dute helburu, eta baita zati bat transformatzea ere; Tolosan duten dendari eutsiko diote. Hasierako urteak zailak izan zirela gogora ekarri dute, baina hiru anai-arrebek hasitako bideari jarraipena emateko gogotsu daude.
Urte batzuk pasa dituzte beste lan batzuei begira: "Ikastera bidali gaituzten belaunaldikoak gara, eta gure buruan ez zegoen baserrian lanean aritzea". Baina, bizitzako "opari handi" moduan definitu dute baserriari jarraipena ematearena, eta azpimarratu dute: "Agian gure baserriak desagertu behar du, baina ez dadila izan saiatu ez garelako". Era berean, argi dute: "Lehen sektoreari ematen zaion dirua sinbolikoa da, beste sektoreek eramaten duten guztiarekin konparatzen badugu".
Kezka agertu dute baserriez eta lehen sektoreaz hitz egitean: "Hurrengo hamarkadetako arazo potoloetako bat baserriak desagertzea izango da. Eta lurrak zaintzeko kontzientzia berriz bueltatu beharko litzateke herritarrengana. Baserrietan jada ez da jendea bizi, eta basoa, eta berarekin sasia herriraino iristen ari zaizkigu".