Berrobin boto zuriaren aldeko mezuak zabaltzen hasi dira

Ataria 2019ko mai. 21a, 13:12

Udaletik argi utzi nahi dute mezu horren atzean ez daudela eurak, "baina hauteskunde kanpainan gaude eta bakoitzak nahi duen kanpaina egiten du". 

Maiatzaren 26an udal hauteskundeak izango dira Tolosaldean. Berrobin zerrenda bakarra aurkeztu da: PSE-EErena. Horren aurrean, sare sozialetan kanpaina bat jarri dute martxan hainbat herritarrek, boto zuria eskatuz. Hemen mezua:

"Kaixo herritar. Dakizun moduan, herriko udal hauteskundeetan PSOE soilik aurkeztu da alkategai. Halere, alkatetzat PSOE-korik izatea nahi ez duenak badu alternatiba. Ez da erreza, baina ez da ezinezkoa. Alternatiba boto zuria bozkatzea da. Nola egin? Gutun azala hutsik botata. Zergatik den zaila? Botoen %5 baino gutxiago lortzen duen alderdiak ezin duelako alkate izan. Hortaz, PSOE-ren 5 bozkako, 95 bozka txuri beharko lirateke, PSOE portzentaia minimora ez iristeko. Beraz badakizu, bi aukera daude. Bozka zuria edo PSOE. Ez baduzu PSOE agintean nahi... Maiatzaren 26ko udal hauteskundeetan zure bozka gutun azal hutsa izan dadila!!!".

Iñigo Aiertza Berrobiko alkateak argi eta garbi utzi nahi izan du gaur egungo udal ordezkariak ez daudela kanpaina horren atzean: "Guk ez daukagu zerikusirik horrekin. Norbanako batzuen kontua da. Hauteskunde kanpainan gaude, eta herritar bakoitzak nahi duen kanpaina egiteko eskubidea dauka".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!