«Sari honek indarra eman eta gogoa piztu digu aurrera jarraitzeko»

Irati Saizar Artola 2019ko mar. 21a, 11:59

Aktore lanetan aritzen den arren, zuzendari lanak ere egiten ditu Ester Povedak, Berrobiko Txalo-Talo antzerki taldean. Saria jaso berritan talde osoa «pozez gainezka» dagoela azaldu du.

Zer suposatzen du Antzez Motz saria irabazteak?

Sari hau lanean jarraitzeko eragingarria izan da. Izan ere, duela hiru urte hasi ginen herritar talde bat gara eta, jende profesionala ez garenez, batzuetan kosta egiten da denak batzea. Sari honek sekulako indarra eman digu, eta aurrera jarraitzeko gogoa piztu digu.

Orokorrean, zer moduz joan da lehiaketa?

Hiru gala ospatu ziren, eta gala bakoitzeko irabazlea finalera pasatzen zen. Guk hirugarren galan hartu genuen parte eta, hura irabaztean, finala jokatu genuen.

Eta irabaztea lortu zenuten.

Bai, hiru sari jaso genituen, gainera. Lehiaketa antolatzen daramatzaten bost urteotan ez omen zen horrelakorik sekula gertatu izan. Egia esan, sekulakoa izan zen.

Zein lan defendatu zenuten?

Hasiera batean ideia batzuk eraman nituen taldera eta, guztion artean, entseguetako inprobisazioetatik, obra guztia osatu genuen. Antzeztera doazen aktore batzuei buruz egin genuen, aurretik izaten diren urduritasunak irudikatu nahi izan genituen; bat lasai-lasai egoten da, besteari jateko gogoa jartzen zaio, eta horrela.

Lehiaketa aurretik lan handia egin duzue, beraz.

Normalean, astean behin geratzen gara. Eta, behin lehiaketara apuntatuta, fundamentuz hasi ginen.

Finala zer moduz joan zen?

Urduritasun handiz joan ginen. Izan ere, kanporaketetan egon ez bazara, ez dakizu noren aurka lehiatu beharko zaren, eta epaimahaia ere ez da kanporaketetako bera.

Herritarren babesa jaso zenuten?

Nik bakarka hartu izan dut parte, eta baita Arantzazu Rodas taldekidearekin batera ere. Eta bagenekien ez zela jende asko joaten ikustera, eta pena da. Orduan, Berrobin kanpaina bat egin genuen, eta zortea izan genuen, jende asko animatu baitzen.

Zein oinarri bete behar izan dituzue parte hartzeko?

Antzezlanak originala behar zuen izan, eta 15 minutu baino gehiago ezin zituen eduki. Hortik aurrera, askatasun osoa ematen dute, hala, jende gazteari eta amateurrei aukera bat ematen diete. Gauzak asko errazten dituzte.

Antzezlan hori nonbait ikusi ahal izango da?

Gogorik ez zaigu falta. Normalean, urtero antzezlan bat prestatzen dugu antzerki taldekook, eta, aurten, lan hau oinarri hartuta, luzatu egingo dugu, eta ea non antzezteko aukera dugun.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!