Antzez Motz lehiaketa irabazi du Berrobiko antzerki taldeak

Irati Saizar Artola 2019ko martxoaren 21a

Berrobiko Txalo-Talo antzerki taldeak hiru sari irabazi ditu Urretxuko Antzez Motz lehiaketan: antzerki onenarena, zuzendari onenarena eta euskarazko lanik onenarena.

Martxoaren 8an jokatu zuten Berrobiko Txalo-Talo antzerki taldeko bost kidek, V. Antzez Motz lehiaketako finala. Antzerki onenaren saria irabazteaz gain, zuzendari onenaren eta euskarazko obra onenaren saria ere eskuratu zituzten.

Lau talde iritsi ziren finalera; horietatik hiru, aurrez egindako kanporaketetako irabazleak izan ziren: Berrobiko Txalo-Talo taldea eta Donostiako Tximistarri eta Suhai taldeak, besteak beste. Laugarren taldea, berriz, Eskoriatzako @remociones taldea izan zen; publikoak erreskatatuta iritsi zen azken galara.

Berrobitarrek Konplizeak izeneko antzezlana defendatu zuten epaimahaiaren aurrean. Antzerki onena egiteagatik, 800 euroko saria jaso zuten; euskarazko antzezlan onena egiteagatik 200 euro eta, zuzendari onenaren sariagatik, 100 euro. Ana Goñi, Arantzazu Rodas, Oihane Vergara, Aloña Izagirre eta Ester Poveda aritu ziren aktore lanetan, eta Mikel Agirretxek egin zituen teknikari lanak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!