Espaloi berriak egiten ari dira Berrobin, segurtasunagatik

Irati Saizar Artola 2018ko abe. 13a, 08:00

Tolosatik Berastegira doan errepidean, Berrobiko herrigunean, obrak egiten ari dira bide ertzetan irisgarritasuna hobetu eta udaletxe ataria berritzeko.

Segurtasuna lehen planoan jarrita, Berrobi erdi-erditik gurutzatzen duen errepide inguruan obrak egiten ari dira. Bide batez, udaletxe aurreko plaza ere berritu egingo dutela adierazi du Iñigo Aierza Berrobiko alkateak.

Urte batzuk atzera eginda hasi zen ideia forma hartzen. Foru aldundiak, errepide horretan ibilgailuek hartzen zuten abiadura ikusita, zebrabide koskadunak jartzea erabaki zuen. «Orduan komentatu zen ondo egon zitekeela espaloiekin zerbait egitea, eta horrela hasi ginen».

Eliza eta mediku kontsulta lotzen dituen errepidean hutsune handia zegoen: «Oinezkoentzat ez zegoen pasabiderik, eta hor espaloi txiki bat egin dugu». Horrela, bi aldeetan espaloiak geratu dira eta segurtasun aldetik «asko irabazi» dutela adierazi du Aierzak.

Espaloia ez dela zabalegia esan du, bi aldeetan dauden eraikinek mugatu egiten dutelako, baina «ahal dutena» egin dute segurtasuna bermatzeko. «Elizara doan jendeak errepidetik ibili behar izaten zuen», eta trafiko handiko gunea dela kontuan hartuta egin dute hobekuntza. Hala, errepidearen bi aldeetako espaloiak zebrabide baten bidez lotuta geratuko dira.

Espaloi horrez gain, udaletxe atarian dagoen plaza eta Iriarte etxearen ataria ere berritzea da asmoa: «Koskak daude, eta oinezkoentzat ez dago ondo». Eremu osoa «berdindu» egingo dute. Bestalde, Tolosa eta Berastegi lotzen dituen autobusak udaletxe atarian egin ohi du geldialdia, eta orain arte errepide erdian geratu behar izaten zuen sartu-irtenak egiteko. Obra hauek, arazo hori kontuan hartu dute, eta geltoki bat egingo diote plaza horretan.

Urri amaieran hasi zituen obrak Sasoi Eraikuntzak S.L enpresak, eta urtarrila ingururako amaitzea aurreikusten dute. Gutxi gorabehera 160.000 euroko kostua izan dute obra lanek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!