Irudimena baino ez da behar musika tresnak sortzeko

Ataria 2018ko abenduaren 1a

Berrobiko Sanandresetako egitarauaren barruan, Trakamatraka ikuskizun musikala izan da goizean; gero birziklatutako materialekin musika tresnak sortzen ibili dira gaztetxoak.

Gitarra elektriko bat arraun edo aitzur batekin; txirula bat azenario bat zulatuz edo eskailera bati putz eginez; tronpeta bat mangera bat erabilita; edota Beethovenen Alaitasunaren Oda jotzeko moduko tronboi bat, mopa baten hodia baliatuz.

Musika sortzeko, eta musika tresnak asmatzeko, irudimena baino ez da behar. Hori da Jon Urrutiak Trakamatraka ikuskizunarekin islatu nahi izaten duena. Eta emaitza, benetan, harrigarria da.

Materialak birziklatuz edo etxean aurki daitezkeen edozein objektu moldatuz, instrumentu ezberdinak sortzen ditu modu parte-hartzaile batean Urrutiak, eta musika egiteko baliatzen ditu ondoren. Elementu horiekin sortutako tresnak modu didaktikoan erakutsi ditu, gaur, Berrobin, eta ondoren haurren sormenari bide eman dio, eta eurak utzi ditu musika tresnak sortzen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!