Ion Ander Izagirre Frontenis Txapelketan izena emateko epea zabalik da

Tolosaldeko Ataria 2018ko urr. 25a, 08:39

Azaroaren 5era bitarte eman ahal izango da izena txapelketan, eta hurrengo egunean egingo dute partiden zozketa.

Martxan da Berrobiko Ibin Kirol Klubak antolatzen duen Ion Ander Izagirre Frontenis Txapelketa. XXVII. edizioa izango da aurtengoa, eta dagoeneko izen-emate epea zabaldu dute.

Azaroaren 5ean, astelehenean, amaituko da izena emateko eguna, eta horretarako Berrobiko Iriarte Jatetxera edo Tolosako Aralar Camp Base dendara jo beharko da. Pertsona bakoitzak 10 euro ordaindu beharko ditu.

Txapelketako egutegiaren zozketa azaroaren 6an egingo dute, 19:30ean Berrobiko udaletxean. Neurketak, berriz, azaroaren 17, 18, 24 eta 25, eta abenduaren 1 eta 2an jokatuko dira. Finalak, berriz, abenduaren 8an izango dira.

Lau modalitatetan antolatu dute txapelketa. Mutilek banaka nahiz binaka parte hartu ahal izango dute. Joan den urtean, esaterako, 36 bikotek eman zuten izena, eta 15 aritu ziren buruz burukoan. Emakumeek binaka parte hartu ahal izango dute. Bost bikotek lehiatu zuten 2017an; eta bat gehiago izan ziren modalitate mistoan.

Odei Arregi da azken urteotako izenetako bat. Azken hiru edizioak irabazi ditu bakarkakoan. Joan den urtean ere binakakoan txapeldun izan zen, Edu Lobatorekin bikotea osatuz. Nesken artean garaile Edurne Argain eta Nuria Garate izan ziren, eta txapelketa mistoa Nagore Lizardik eta Niko Artolak irabazi zuten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!