Berrobiko San Agustin jaiak 2018

Haurren eguna, gozatzekoa

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko abuztuaren 27a

Berrobiko San Agustin festak amaierara heltzen ari direnean, haurrak bihurtu dira gaurko protagonista. Goizean, jolasak egin dituzte, eta arratsaldean, puzgarrietan nahiz zaldi gainean ibiltzeko aukera izan dute.

Berrobi da, abuztuan, festak ospatzen dituen eskualdeko azken herria. Horregatik, ordea, ez dira okerrenak, esaerak esaten duen bezala, azken unerako uzten delako onena. Bihar ospatuko dute egun handia: San Agustin eguna. Bezperan, baina, haurrek hartu dituzte eskola ataria eta plaza. Batean, pilota erraldoien gainean, sagardotegian, txirristan nahiz idi parearen gainetik saltoka ibili ahal izan dira. Bestean, berriz, urez bustitako puzgarrian lasterketak egiten aritu dira. Egiten zuen beroa kontuan izanda, ederki etorri zaie freskatzeko abagune hori.

Goizean, jolasetan parte hartzeko aukera izan dute, eta apar festaz nahiz toka txapelketaz gain, erretirodunek bingoan jokatzeko nahiz dantzatzeko aukera izan dute. Ondoren, lorez lore, zenbat kolore lehiaketako sariak banatu dituzte. Gauean, berriz, helduen pilota partiden txanda izango da, Puro Relajo mariatxi taldearen dantzaldiaren aurretik.

Bihar, festen azken eguna izango da, eta era guztietako ekitaldiak ospatuko dira Berrobin: dantza emanaldia, trikitilari txapelketa, sagardo dastaketa... Amaitzeko, zahagi ardoa egingo dute, datorren urteko festen atzera kontaketarekin hasi aurretik.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!