Entrenatzaile pertsonal batekin aritzeko aukera

Ataria 2018ko urtarrilaren 25a

Berrobiko Ibin taldeak antolatu du ikastaroa; ostegunean bilera bat egingo dute informazio gehiago eman ahal izateko. Berrobiko Ibin Kirol Klubak kirolzaletasuna bultzatzeko egiten du lan, besteak beste, eta hori dela eta, otsailetik ekainera bitarte luzatuko den ikastaroa antolatu du.

Maider Mendizabalek entrenatzaile pertsonal lanak egingo ditu izena ematen dutenekin, baina ez da jarduera fisikoa bakarrik egiteko ikastaro bat. «Jarduera fisikoaz gain, beste arlo batzuk landuko dira hitzaldien bidez, elikadura edo norbere buruarekin gustura egotearen garrantzia landuz», esan du taldeko Iker Elustondok.

Izena otsailaren 1etik 15era eman ahal izango da eta ibinkirolkluba@gmail.com helbidean egin daiteke, baina baita ostegunean, hilak 1, 18:00etan Begi Urdin gaztegunean deitu duten bileran ere. «Bileran informazio osatua eman nahi dugu», esan du. Hiru adin taldetan banatuko dituzte izena ematen dutenak; 18-30 urte artekoak, 30-55 urte artekoak eta 55 urtetik gorakoak, eta saioak hortaz, talde bakoitzarentzat bereziak izango dira. 15 aste izango dira guztira eta ikastaroa 4 hilabetekoa bada ere, urtebeteko programa jasotzen duen lan pertsonalerako liburu bat emango dute. Saioak paperean izango dira, baina on-line sartzeko aukera ere egongo dela esan dute.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!