Hmatou Salaheddine eta Lourdes Colomo, BerroBirako garaileak

Ataria 2017ko irailaren 19a

35 parte hartzaile aritu ziren XV. edizioko proba nagusian; Ibin Kirol Klubak herritarren parte hartzea nabarmendu du, 16 izan baitziren krosean parte hartu zuten berrobitarrak.

Eguraldi ezegonkorra izan zen nagusi, larunbatean, baina Berrobiko BerroBira krosaren txanda iritsi zenerako ostartea ireki eta ateri egin ahal izan zuten proba. Ibin Kirol Klubak esan duenez, haurrak izan ziren krosa egiten lehenak: «Benjamin txiki, benjamin, alebin eta infantilen lasterketarekin hasi ginen. Lau modalitateen artean 52 gaztetxok erakutsi zuten atletismoak baduela harrobia».

Ondoren izan zen helduen proba. Guztira 35 lasterkarik hartu zuten parte. «Lehia politak ikusi ziren arren, irabazleek, aurkariak baino sasoi puntu hobean daudela erakutsi zuten. Aipatzekoa, herritarren parte hartzeak gora egin zuela, guztira 16 partaide herritarrak baitziren. Datozen urteetan ere bide honetan jarraitzea espero dugu», esan du kirol taldeak.

Irabazleak Hmatou Salaheddine eta Lourdes Colomo izan ziren. Krosaren hamabosgarren edizioa giro onean egin zutela esan dute Ibineko kideek eta eskerrak eman nahi izan dizkiete bai lasterketetan parte hartu zutenei eta baita herriko boluntarioei ere. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!