Berrobiko San Agustinak 2017

Joseba Izagirrek eta Sara Iriartek irabazi dute txapela

Ataria 2017ko abuztuaren 28a

XII. Gazteen Trikitilari Txapelketa jokatu da goizean Berrobin. Sei bikotek hartu dute parte eta Joseba Izagirre berrobitarra eta Sara Iriarte billabonatarra izan dira garaile.

XII. urtez jarraian, trikiti eta pandero doinuen topaleku bihurtu da Berrobiko plaza. Gazteen Trikiti txapelketa jokatu da eta sei bikote izan dira bertan: Naroa eta Ohiane Zubiria berastegiarrak, Maialen Oroz urkizutarra eta Ane Alias zizurkildarra; Nahia Dorronsoro bidaniarra eta Eider Lasarte berastegiarra, Joseba Izagirre berrobitarra eta Sara Iriarte villabonatarra, Eneko Urkola eta Itxaro Estanga zaldibiarrak eta azkenik, Maddi Etxeberria asteasuarra eta Idoia Urdangarin villabonatarra.

Hiru pieza jo ditu bikote bakoitzak: trikitixa, porru salda eta fandoangoa edo arin-arina. Kalejira joz sartu dira oholtzara eta ordubete inguruko emanaldia egin dute. Behin ikuskizuna amaituta, Kristina Solanok eta Kristina Peñak hartu behar izan dute erabakirik zailena. 

Joseba Izagirre berrobitarrak eta Sara Iriarte villabonatarrak irabazi dute txapela, eta Naroa eta Ohiane Zubiria gelditu dira bigarren; trikiti txapelketako oroigarri bana irabazi dute berastegiarrek. Gainontzeko bikote guztiek diru saria irabazi dute. 

Arratsaldean, sagardo dastaketa izango da Izer eta Alabier trikitilariek alaiturik. 21:00etan, zahagi ardoa egingo dute eta 22:00etan, Jon Txikiren bakarrizketa izango da. Joseba, Mirari eta Kristinak jarriko dituzte iluntzeko zein gaueko trikiti doinuak. 

Ikusi hemen egitaraua. 

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!