Garagardoa etxean egin eta dastatzeko aukera

Maier Ugartemendia 2016ko apirilaren 9a

Berrobi bizia ekimenak antolatuta garagardoa egiten ikasteko tailerra burutu dute Berrobin; garagardoa egiteko prozesu guztia ezagutu dute bertan

Gaur tailerrean norberak bere etxean eta "modu erraz" batean garagardoa egiten ikasi nahi dute, Igone Saldias antolatzaileak adierazi digunez. Norberak kontsumitzen dituen produktuak, norberak bere etxean egiteko aukera izatea "Polita" dela uste du Saldiasek: "Honek aukera ematen dizu zuk zure lehen gaiak erosteko, prozesu guztia ikustea, jakitea zer hartzen ari zaren eta zer ez, eta ahalduntzea hartzen duzun horretan".

Igor Oiarbidek, Lupulu garagardogintzako kideak, gidatu du Berrobin egin duten tailerra, eta 15 pertsona inguru bildu dira bertan; bai berrobitarrak eta baita beste herri batzuetatik gerturatutakoak ere. Garagardoa etxean egiten ikasteko ohitura gero eta zabalagoa da, eta Berrobin antolatutako ikastaroak ere jakin mina piztu du, eta antolatzaileak "gustura" daude tailerrak izandako erantzunarekin.

Aurrera begira, eta tailerrari lotuta, ekainean Berrobifest eguna ospatzeko asmoa dute. Helburua, Euskal Herrian dauden garagardo ezberdinak "ezagutzera ematea" eta tailerrean ateratako garagardoen "dastaketa" egitea dira. Honela, herri guztira zabalduko den festa "polit" baten bidez, bertako garagardoak ezagutarazi nahi dituzte.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!