Aisialdirako proposamenak herritar guztientzat

Maier Ugartemendia 2015ko abe. 21a, 17:27

Berrobi bizia ekimenaren baitan haurrei zuzendutako hainbat hitzordu izango dira datozen egunetan; horrez gain, helduei Baratze bat nahi dizut egin proposamena luzatu diete

Argazkiak: Berrobi bizia ekimenaren barruan, Sukaldaritza goxoa tailerra jarri zuten martxan pasa den astean

Berrobi biziberritzeko lanetan ari dira, eta azken asteetan Berrobi bizia izeneko ekimenaren barruan hainbat tailer eta proposamen luzatu dizkiete herritarrei azken asteetan. Lehenik Bihotz biriketako bizkortze teknikak tailerra izan zen; eta pasa den astean Sukaldaritza goxoa tailerra. Bigarrenak, arrakasta handia izan zuen. Hogeita hamar pertsona inguru bildu ziren Bide-Ona elkartean Felix Belauntzaran sukaldariaren gidaritzapean, sukaldaritzaz gehiago ikasteko asmoz. Gainera, bertan garaian garaiko produktuei garrantzia eman nahi izan zien, eta bertan ekoiztutako barazkien kontsumoa bultzatzea ere helburu zuen tailerrak. Udaberri-uda sasoian izango da hurrengo sukaldaritza tailerra, garaiko produktuekin.

Baratza izateko aukera

Ekimen beraren barruan, baratza bat izatea gustatuko litzaieken herritarrei deialdi bat zuzendu diete. Baratza nahi izan, baina lur-sailik ez duten herritarrei zenbait eremu publiko eskainiko dizkiete erabilera iraunkor bat emateko. Ez da beharrezkoa izango baratzagintzan aditua izatea, baratza lantzeko "interesa" besterik ez dute eskatzen, eta beharrezkoa den "gainontzeko guztia zure eskura jarriko dugu, doan". Halaber, baratzaren lanketarako beharrezkoa den "prestakuntza guztia" ere aurreikusten du ekimenak.

Interesa duten herritar guztiak www.berrobibizia.eus web orrian edo 943 68 32 94 telefonoan eman dezakete izena abenduaren 30a baino lehen.

Gabonetako aisialdi plana

Haur eta gazteenentzat atseden egunak izaten diren egunetarako, berriz, aisialdi plana antolatu du Berrobi biziak. 09:00etatik 12:00etara izango dira ekimenak, Berrobiko plazan, eta bi adin talde ezberdinetan banatuta egingo dituzte  tailer edo ekimen ezberdinak.

Bestalde, Udalak abenduaren 24rako prestatutako ekimen guztien berri ere eman du.

Jarrain, Berrobi biziak antolatutako ekimenak, eta Udalak abenduaren 24rako prestatutako egitaraua:

ABENDUAK 23, ASTEAZKENA

09:00-12:00. 3-7 urte bitartekoek: margoak, karetak, puzzleak... 8-16 urte bitartekoek: jauzi akrobatikoak, ohe elastikoak, gorputz ariketak eta jolasak.

ABENDUAK 24, OSTEGUNA

10:30. Gabonetako kantu-jira.

12:30. Hamaiketakoa.

17:00. Urrutin ohiko bilketa egingo da.

18:00. Olentzeroren etorrera Berrobira, eta haurrei oparien banaketa.

19:00. Gaztain jatea.

ABENDUAK 28, ASTELEHENA

09:00-12:00. Psikomotrizitatea, dantza, gorputz-ariketa eta jolasak, 3-7 urte bitartekoak. Ariketa teknikoak eta jolasak. 8-16 urte bitartekoak.

ABENDUAK 29, ASTEARTEA

09:00-12:00. Ginkana. Non gorde da 'Lore'? 3-7 urte. Mendi ibilaldia. Argazkilaritza rallya eta gehiago. 8-16 urte.

ABENDUAK 30, ASTEAZKENA

09:00-12:00. Nire etxea. Pentsatu, eraiki, erakutsi, 3-7 urte. Zine-emanaldia. Pelikularen inguruan ingelesez. 8-16 urte.

URTARRILAK 4, ASTELEHENA

09:00-12:00. Natura. Soroneako baratza, 3-7 urte. Bizikleta ibilaldia. Tolosatik abiatu eta Legorretara. 8-16 urte.

URTARRILAK 5, ASTEARTEA

09:00-12:00. Sormena. Gorputz espresioa eta oreka emozionala, 3-7 urte. Frontenisa eta pilota. Teknika, jolasak eta lehia, 8-16 urte bitartekoak.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!