Berrobitarrek herria hobetzeko hiru proiektu aukeratu dituzte

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko mar. 25a, 10:00

20.000 euroko diru poltsa jarri zuen udalak herritarren esku

Berrobiko Udalak 601.555 euroko aurrekontua onartu berri du, eta horietako 20.000 euro herritarren esku utzi dituzte. «Zuk zer hobetuko zenuke herrian 20.000 eurorekin?» galdera egin zieten berrobitarrei, eta batzar irekia egin proposamenak jaso, eztabaidatu eta erabakia hartzeko. Azkenean hiru izango dira egingo dituzten proiektuak, Iñigo Aierza alkateak azaldu duenez: «20.000 euro baino gehiago gastatuko ditugu azkenean, baina soberakin pixka bat daukagu eta mailegu aldaketa bat eginda osatuko dugu kopurua».

Ermitako bidea
Batetik, Ermita auzoa herriarekin lotzeko lanak hasi dituzte jada, bertan oinezkoen bidea egiten ari dira, eta herritarrek lan horiek probestuz gasa sartzeko eskatu dute. «Hirugarren proiektua izango litzateke hori, eta 12.000 euroko gastua dute lanek», azaldu du alkateak. «Oinezkoen bidea egitea aurreikusita genuen, baina ez gasa sartzea. Naturgasekin hitz egin eta lanak guk ordainduko genituela hitzartu genuen, 12. 000 euro, eta jendeak lan hauek egitea adostu du», gaineratu du.
Bestetik, 4.400 euro bideratuko dituzte Soroneako pasabidea hobetzera. Egoera nahiko kaskarrean dagoela dio alkateak.

Proiektu nagusia Soroneako hormigoiaren egoera hobetzea izango da, jendea irristatu egiten baita bertan. Azken lan honetan 14.700 euro gastatuko dituzte.
San Sebastian baselizaraino doan oinezkoen bidea, Ermitako bidea, egiteko lanak hasita daude jada, eta beraz, gasa ere batera sartuko dute. Beste bi proiektuak aldiz, udaberri honetan zehar egingo direla aurreikusi du alkateak.


9 proiektu guztira
Aipatu bezala hiru izango dira azkenean egingo dituzten proiektuak, baina Aierzak azaldu duenez 9 zituzten esku artean. Azkenean herritarrek aukeratutako hiruak egingo dituzte. «Guk, udaletxetik, zenbait proiektu genituen aurreikusita eta aztertzeko zain eta beste bi proiektu berri ere atera ziren; bat herritarrek aurkeztutakoa eta bestea guk egindakoa. Berrobitarrek guzti horien artean balorazioa egin eta horrela egin dugu aukeraketa», azaldu du.

Proiektuak bilera ireki batean aukeratu zituzten, eta bilera horretan bertan pasa den asteazkenean onartutako aurrekontuen berri ere eman zieten herritarrei. «Aurrekontuetako partida bakoitzaren berri eman genuen bileran eta jendeak asko eskertu zuen».

Berrobiko Udalean beti eman dituzte azalpenak, baina metodologia aldatu dute azken urte honetan. «Azken bi urteetan bilera bat egin dugu aurrekontuen berri emateko eta behin aurrekontuak onartuta etxe guztietara bidaltzen genuen informazioa. Baina zenbaki askorekin zegoen guztia eta nahasmena sortzen zuten jendearen artean, horregatik oraingoan partida bakoitzaren berri eman dugu herri bileran. Aurrerantzean ere bilera mota honekin jarraitzea da gure asmoa eta gauzak denen artean erabakitzea», esan du Aierzak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!