Berrobiko Irratsaioa

Irratia Berrobitik egin du Atariak

Ataria 2014ko ekainaren 6a

Joan den ostiralean Berrobin izan zen ATARIA Irratia. Herriko udal ordezkari eta eragile ugari igaro ziren ATARIAren mikrofonoetatik, Iñigo Aiertza alkatea, Agurtzane Belaunzaran zinegotzia edota Iñigo Altuna, besteak beste. Herriko txikienak ere eskolatik irten eta parte hartu zuten irratsaioan.

Bien bitartean, Berastegin, Elduainen, Berrobin, Leaburun, Lizartzan eta Orexan ATARIA egunkaria eta astekaria herritar guztien etxeetara ari da iristen. Ekainaren hirutik ekainaren 20a bitartean, egunero-egunero banatuko baita egunkaria eta astekaria. Doan. Hori egin ahal izateko, ezinbestekoa izan da udalerri horien dirulaguntza.

Kanpainaren helburua Atarikide berriak lortzea da. Izan ere, harpidedun egiten direnek, egunkaria eta astekaria finantzatzen laguntzearekin batera, egunero-egunero ATARIA Irratia (107.6 FM) eta www.ataria.info webgunea egiteko behar-beharrezkoa den baliabide ekonomikoak lortzen lagunduko lukete.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!