Agurtzane Belaunzaran Kazetaria eta bidaiaria
Agurtzane Belaunzaran Indonesian[/caption]
Pasa den urteko azarotik martxora bitarte Asia hegoekialdean zehar bidaiatu du Agurtzane Belaunzaranek (Berrobi, 1979).
Lagun argazkilari batekin Filipinak, Indonesia, Singapur, Thailandia, Laos eta Myanmarren zein baino zein istorio ikusgarriagoak ezagutu eta bizitu ditu, eta ondoren kontatzeko aukera ere izan du erreportajeen bitartez.
Zein izan da azken bidaia honen helburua?
Ni kazetaria naiz, eta nire laguna argazkilaria den heinean, istorioak bilatzea izan dugu helburu bidaia honetan. Bidaiari ekiterako jorratu nahi genituen gai batzuk argi genituen, eta beste batzuk ginen lurraldean topatu ditugu.
Filipinetan, esaterako hilerri batean bizi diren herritarrekin egon zineten.
Manila hiriburuaren kanpoaldeko Navotas hiriko kanposantu batean egon ginen. Bertan herritar ugari bizi dira, eta hamar bat egunez egon ginen beraiekin. Handik Filipinetako hegoaldera jaitsi ginen, Mindanao irlara. Musulmanen eta gobernu zentralaren artean 40 urteko gerra zibila bizitu ostean, iragan urteko urrian sinatu zuten bake akordioa bertan. Dena den, gizarte osoan erroturiko gorrotoa nabari da. Musulmanak han bizi ziren espainiar katolikoak iritsi baino lehen, eta baztertuak sentitu dira. Galdutako eskubideak eta lurrak errekuperatzea exijitzen dute. Hori guztia gertutik bizitu duen misiolari espainiar batekin egoteko aukera izan genuen. Bi istorio hauen inguruko erreportajeak egin genituen, eta Argia aldizkarian argitaratu dituzte.
Ze istoriorekin egin zenuten topo Indonesian?
Bajao etniako itsasoko nomadekin egon ginen han. Arrantza tradizionala egiten duen etnia da, baina txinatarrak sartzearen ondorioz arrantza sistema aldatu beharra izan dute. Urez inguraturik bizi dira, eta euren bizimoduaren inguruan ere erreportajea egina dugu, argazki ikusgarriez lagundurik.
Askotariko istorioak, beraz.
Laosen zonalde turistikoak ezagutu genituen, ez genuen bestelako istorio berezirik topatu. Myanmar, berriz, Bangkoken erosi genituen bizikletekin gurutzatu genuen. Bertakoa izan zen, Indonesiakoarekin batera, esperientziarik onena.
Aldez aurretik prestaturiko bidaia izan al da?
Dokumentaturik, hau da, jorratu nahi genituen gaien inguruan informaturik joan ginen. Filipinetako Manila hiriko hilerriaren egoeraren inguruan, esaterako, irakurri genuen, eta hura jorratzeko asmoz joan ginen, baina, han ez genuen inolako kontakturik. Pixkanaka bertakoekin konfiantza hartuz joan ginen, oso ondo hartu gintuzten, eta euren egoera azaldu ziguten eta bertatik bertara ezagutu genuen. Bestalde, Mindanao irlako misiolariarekin, bidaia hasi aurretik harremanetan jarri nintzen, eta hara iristean berarekin egotekotan geratu nintzen. Asmo eta ideia batzuekin joan ginen, baina, bestelakoan, abentura bidaia izan da. Ez genekien iritsi arte zer topatuko genuen. Lurralde bakoitzean zenbat denbora egongo ginen ere lotu gabe genuen.
Zer azpimarratuko zenuke bost hilabete hauetaz?
Gizakia edozein egoeratan bizi dela ikusi dut, hilerri batean, zabor tartean, urez inguraturiko espazioan... Gu baino gauza askoz ere gutxiagorekin bizi da jende asko, eta sormenerako duen gaitasuna ere azpimarratuko nuke. Jendearen berotasuna eta eskuzabaltasuna, Myanmarren, bereziki, nabarmenduko nuke.
Azken bi bidaietan Asian izan zara.
Asia ezagutzeko mordoa falta zait oraindik. Lehengo urte hasieran joan nintzen Asiara estreinakoz, eta berriro errepikatu dut azken bidaian. Maitemindu egin nau, kontraste handiko lurraldea da, eta lasaia, gainera.
Denbora luzeko bidaia asko egindakoa zara. Bidaiatzea behar bat bihurtu al da zure bizitzan?
Hemen eguneroko zurrunbiloan sartuta gaude, astebukaera noiz iritsiko, Aste Santuko oporrak, udakoak, Gabonetakoak... Beti etorkizunari begira, orainaz ahaztuta. Badirudi gure egunerokoa ez dugula gustuko. Bidaiatzen duzunean, denboraren perzepzioa galtzen duzu eta unea eta egunak erabat bizitzen dituzu. Bizirik horrek sentiarazten nau.
Zer ikasi duzu bidaia hauekin?
Gutxiagorekin bizitzen. 30 litroko motxilan bi galtza eta bi kamisetekin urte erdia pasatzen. Gauza materialez desegiten ikasi dut. Eta jendearengandik ere asko ikasi dut.