ELKARRIZKETA

«Azalean bizitu nuen esperientzia eta asko zaindu ninduten»

Berastegiko kultur astea abiatuko dute gaur, Igone Mariezkurrena kazetari eta antropologoak eskainitako 'Lesotho: Afrikako mendietako erresuma bizikletaz' hitzaldi-proiekzioarekin.

Hegoafrikak inguratzen duen herrialde txiki eta independentea da Lesotho, eta 2024an bertara bidaiatu zuen Igone Mariezkurrena (Pasai Donibane, 1985) kazetari eta antropologoak. Mariezkurrenak hilabete bat igaro zuen bertan, hango kultura gertutik ezagutzen, bi gurpilen gainean. Bertan jasotakoak erakutsi eta azalduko ditu gaur Berastegin eskainiko duen hitzaldi-proiekzioan; 18:30etan izango da, udaletxeko erabilera anitzeko gelan.

Zer ikusiko dugu?

2024ko azaroan, hilabetez eta txirrinda gainean Lesothon barrena egindako bidaitik ateratako argazki onenak eta ikus-entzunezko labur bat ere aurkeztuko ditut, baina ez da izango irudiak erakuste hutsa. Izan ere, Lesothokoa txirrinda bidaia baino azkoz gehiago izan zen, oso esperientzia mamitsua izan zen herrialdearen beraren ezaugarriengatik. Seguraski, Afrikako herrialde gehienek eragiten digute talka handia, baina Lesothok bereziki erakartu ninduen, urtetan eta oraindik oso isolatuta egon delako. Ez du fauna handirik, ezta paisaia ikusgarririk ere, baina hain justu, horrek babestu du masifikaziotik. Hori guztia transmititzen saiatuko naiz Berastegin, baita horrek guztiak egunero-egunero eta kilometroz kilometro nolako talkak eta galderak eragin zituen nire barruan.

Zergatik animatu zinen bidaia hau egitera?

Bidaia gidaria den lagun bat dut eta duela urte batzuk Lesothotik argazki bat bidali zidan. Hori ikusi nuenean ez nuen jakin argazki hura kokatzen. Google Maps-era jo behar izan nuen Lesotho non zegoen kokatzeko, eta hori niretzako gauza oso erakargarria izan zen. Denbora eta dirua bildu nituenean hara joan nintzen eta topatu nuen guztia oso berria izan zen niretzat.

Nolakoa da Lesotho?

Afrikako Hegoaldean dagoen herrialde subiranoa da, eta mendietako erresuma esaten diote hori delako bere ezaugarri nagusietako bat. Oso menditsua da, azaleraren %80 1.800 metrotik gora dago. Horrelako bataz besteko altua ez du Nepalek ere. Ez da oso handia azaleran baina dena oso altu dago garaiera handian, eta hori fisikoki erronka bat izan zen, hilabetez 2.000 eta 3.000 metrotik gora ibili nintzelako. Hala ere, bere tontorrik altuena ez da 4.000 metrora iristen, eta beraz, hara ez da ia mendizalerik joaten. Zerikusirik ez Kilimanjaro edo Kenia mendian geratzen denarekin! Horrek ere babestu du Lesotho turismo masibotik eta hilabete batean ez nuen kanpotarrik ikusi.

Basotho komunitatea bizi da bertan, eta sesotho dute hizkuntza. Hego afrikako beste hizkuntza batzuen antzekoa da, esate baterako, Nelson Mandelaren ama hizkuntzaren antzekoa da. Nagusiki abeltzainak dira Basothoko familiak, eta barazki gutxi batzuk ekoizten dituzte. Txirrinda bidaia hau Basotho kulturan murgiltzeko esperientzia bat izan zen, azalean bizitu nuen dena eta asko zaindu ninduten. Oso esperientzia polita izan zen.

Bizikleta izan duzu bidelagun. Gogorra egin zaizu?

Bidaiaren gogortasunaren parte izan zen mendibideak oso harritsuak zirela, baina tarteka grabel bideak ere topatu nituen eta kilometro gozagarriak egin nituen. Beste askotan ordea, txirrindatik jaitsi eta bultza egitea ere tokatu zitzaidan. Etapa bakoitzeko desnibel handiak egin nituen pedal gainean, baita txirrindari bultzada eginez ere. Oso gorabeheratsua da Lesotho, baina hautu kontzientea izan zen Lesotho herriarekin izan nahi nuen kontaktua eta horretarako banekien mendian ibili behar nuela.

Bizikleta izan zen niretzako bidaia hau egiteko bitartekoa, baina ez ditut txirrinda bidaiak egiten kirol erronkak bezala, nahiz eta maiz izaten diren erronka fisiko handiak. Niretzat txirrinda da leku, pertsona eta esperientzia askotara sartzeko aukera ematen didan giltza. Txirrindaz bidaiatzea sinpatia eragiten du jendearengan eta horrek ate asko zabaltzen ditu eta hori gozada bat da. Niri momentu oso onak ematen dizkit txirrindak eta askatasun handia sentitzen dut, eta uste dut txirrindaz bidaiatzen dugunean hartzen gaituen herrialdeari edota jendeari ekarpean positiboa egiten diogula eta kalitatezko bidaiariak garela, ez dugulako kutsatzen eta errespetuzko bidaiatze mota bat da.

Ez da egin duzu bidaia bakarra izan. Zein da zure hurrengo erronka?

Iraila amaieran itzuli nintzen hilabete pasatxo Ladakhen barrena, Indiako Himalaian txirrindaz ibiltzetik. Bidaia gogorra izan da altuera handitan ibili naizelako, 5.000 metrotik gorako mendateak gaindituz baina tibetar unibertsoan zeharo murgilduta, sekulako paisaia eta mendien artean. Uste dut bidaiaren parte ere badela etxera itzultzea eta etxean zaudenean bizitako hori guztia gogoratzea. Orduan, momentuz, horrek okupatzen du oraintxe bertan nire burua. Dena dela, asteburutan txirrindarekin ibiltzen jarraitzen dut, eta espero dut urte hasieran beste bidaiaren bat egitea.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!