Berastegiko Udalak kultur jarduera ugari antolatu ditu datozen asteetarako, eta hain justu, bihar abiatuko dute egitaraua. Igone Mariezkurrena kazetari eta antropologoak 'Lesotho: Afrikako mendietako erresuma bizikletaz' hitzaldi-proiekzioa eskainiko du. Bertan, Afrikako Lesotho herrialdean egindako zeharkaldia azaldu eta hilabetez egindako bidaia horretan hartutako irudiak erakutsiko ditu, 18:30etan, udaletxeko erabilera anitzeko gelan.
Udalak eskaintza horretan denetariko jarduerak antolatu ditu, haur, gazte zein helduentzat. Besteak beste, bakarrizketa saioak, tailerrak, dokumental proiekzioa, lehiaketak edota emanaldiak ere izango dira.
Izen-emateak
Horietako batzuetan aurrez eman beharko da izena, esaterako, urriaren 31n, 9:00etan, errege-erroska egiteko tailerra izango da Urepele elkartean, Edorta Pan Bakerren eskutik; azaroaren 6an, 19:00tan, txistor dastaketa egingo dute Basurde elkartean, Joxe Mari Barriolaren eskutik; eta azaroaren 7an, 10:00etan, xake lehiaketa antolatu dute, Urepele elkartean.
Horietara joateko interesa dutenek azaroaren 1a baino lehen eman beharko dute izena udal bulegoetan edo 688 681 952 zenbakira idatzita; errege-erroska egiteko tailerrean, berriz, urriaren 28a baino lehen eman beharko da.
EGITARAUA
- URRIAK 28, ASTEAZKENA
- 18:30. 'Lesotho: Afrikako mendietako erresuma bizikletaz' solasaldia eta proiekzioa Igone Mariezkurrenaren eskutik, udaletxeko erabilera anitzeko gelan.
- URRIAK 29, OSTEGUNA
- 18:30. Imanol Epelderen 'Zerbait sartu zait begian' bakarrizketa, udaletxeko erabilera anitzeko gelan.
- URRIAK 30, OSTIRALA
- 16:00. Merienda Guraso Elkartearen eskutik, eskola atarian.
- Jarraian, Gau Beltzaren inguruko tailerrak eta jolasak Guraso Elkartearen eskutik, eskola atarian.
- 18:30. 'Aitatxo' dokumentalaren proiekzioa eta ondoren Anakotz Lasarte zuzendariarekin solasaldia, udaletxeko erabilera anitzeko gelan.
- URRIAK 31, LARUNBATA
- 09:00. Errege-erroska egiteko tailerra Edorta Pan Bakerren eskutik, Urepele Elkartean.
- 15:00. Mus txapelketa herrikoia Ategin. Parte hartzeko bikote partaide batek herrian jaioa edo herrian erroldatua izan behar du.
- 18:00. Ipuin-kontaketa Ixabel Agirresaroberen eskutik, udaletxeko ganbaran.
- 19:00. Pintxo-potea.
- 21:30. Zahagi ardoa eta ondoren bingoa Urepele Elkartearen eskutik, aparkaleku azpiko lokalean.
- 00:00. Ziñez erromeri taldea Urepele Elkartean.
- AZAROAK 1, IGANDEA
- 09:30. Berastegi eta inguruetako txoko kuttunak ezagutuz: Berroa ingurura, herriko plazatik abiatuta.
- 18:30. Iruzta musika taldearen emanaldia gazte eta helduentzat udaletxeko ganbaran.
- AZAROAK 5, OSTEGUNA
- 18:30. 'Lau haizetara' film laburren emanaldia udaletxeko erabilera anitzeko gelan.
- AZAROAK 6, OSTIRALA
- 16:00. Txokolatada Guraso Elkartearen eskutik, eskola atarian.
- Jarraian, herri kirol, betiko jolask eta egur jolasak Adur Ekintza Kulturalaken eskutik, eskolako atarian.
- 17:00. 'Mastertxef' lehiaketa 12 eta 17 urte bitarteko nerabeentzat, Urepele Elkartean.
- 19:00. Txistor dastaketa Joxe Mari Barriolaren eskutik, Basurde Elkartean.
- AZAROAK 7, LARUNBATA
- 10:00. Xake lehiaketa herrikoia Urepele Elkartean.
- 17:00. 'Enperadorearen kondaira' emanaldia haurrentzat Patata Tropikalaren eskutik, udaletxeko erabilera anitzeko gelan.
- 19:00. Oier Gaston organo-jole eta Mikel Maniega tronpeta-jolearen eskutik kontzertua, San Martin parrokian.