Azken Mugak datozen bi asteburuetan ere izango ditu jarduerak

Aitor Arroyo Askarai

Iazko jaialdiaren barruan 'Amalurra' eskultura erakusketa antolatu zuten. LEYRE CARRASCO

Joan den larunbatean hasi zen edizio berria, eta hainbat arte diziplina uztartu dituzte aurten ere. Datozen bi larunbatetan izango dituzte hitzorduak, eta hilaren 20an amaituko da.

«Bi kezka nagusi biltzen ditu jaialdiak: bata, erdigunean natura jartzea eta planeta zaintzea; eta, bestea, pertsonak —gure burua— zaintza«, horrela aurkeztu du diziplinarteko Azken Muga arte eta kultur jaialdia Gillermo Olmo artistak. Joan den larunbatean hasi zuten egitaraua, eta datozen bi asteburuetan ere izango dituzte jarduerak. Aurten ere Berastegi eta Leitza arteko Plazaola inguruan izango da. 

Larunbatean performancea eta zuzeneko musika izango dira protagonistak; hain zuzen, 12:30ean artistak elkartu eta performance bat egingo dute. Arratsaldean, berriz, Minab 168 mural kolektiboa egingo dute denen artean: «50 artistak baino gehiagok hartuko dute parte, eta Iranen gertatutako sarraskia salatuko dugu. Izen hori darama ekimenak bertan 168 haur hil zituztelako». Hori amaitutakoan zuzeneko musikaren txanda izango da, eta bi talde igoko dira oholtza gainera: Tolosaldeko Hidden Garden Rock eta Bele. Olmok nabarmendu du «maila handiko taldeak» direla biak ala biak, eta musikaz gozatzeko «aukera paregabea» izango dela.

Azken asteburua

Datorren asteko larunbatean, hilaren 19an, bertsoa izango da erdigunea, eta aurten «tokiko bertsolaritza» indartu nahi izan dutela kontatu du Olmok: «Leitzakoak dira Illarregi anaiak, eta Tolosaldekoak, berriz, Iñigo Gorostarzu eta Oihana Iguaran». Beste edizio batzuetan Euskal Herri osoko bertsolariak izan badituzte ere, aurten bertakoari «balioa eman» nahi izan diotela kontatu du. 

Bestalde, aipatutako ekitaldiez gain jaialdian hamar pieza inguru ere jarri dituzte ikusgai aire zabalean: «Eskultura jaialdiaren oinarrietako bat da, eta garrantzi handia du guretzat. Esparru hori lantzen Eskuahaldunak Eskultoreen Elkarteak laguntzen digu urtero, eta haien kolaborazioa benetan garrantzitsua da jaialdiarentzat».

Gaurkotasunezko jaialdia

Euskal Herrian naturan egiten den diziplinarteko jaialdi bakarra dela nabarmendu du Olmok, eta aurreko ezaugarriekin batera aipatu du gaurkotasunarekin lotuta antolatzen dutela beti ekimena: «Hiru bat urte daramatzagu, batez ere, Palestinaren gaiarekin, baina, finean, salatzen duguna da pertsona zibilek pairatzen dutela indarkeriarik handiena; eta, are gehiago, kolektibo zaurgarrienek, adibidez, umeek. Horiek dira interes ekonomikoen edo geopolitikoen ondorioak pairatzen dituztenak. Eta gainera Mendebaldea ari da hori eragiten». 

Zentzu horretan, jaialdi «artistiko eta kulturala» dela ere zehaztu du, baina ezin dutela «atera» gaur egungo testuingurutik: «Solidarioak izan behar dugu, eta planetarekin dugun konpromisoa ere berresten dugu».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!