50 urte bete ditu aurten Berastegiko Basurde elkarteak, eta udalak argi izan zuen haien ardura izango zela San Lorentzo festei hasiera ematea. Hala gertatu da, eguerdian egin baitute jaiei hasiera eman dien txupinazoa.
12:00etako kanpaiek jo dutenerako, udaletxeko balkoian ziren elkarteko kideak, baita Andoni Zuriarrain Iturbe alkatea ere. Hark hartu du hitza lehenik. Eskerrak eman dizkie festak antolatzen aritu diren herritar eta udal langile guztiei. «Festa giro jatorrean ibili gaitezela, berdintasunean eta indarkeriarik gabe, elkarrekin eta elkar errespetatuz. Bakoitzak bere modura festa giroaz goza dezagula», esan du.
Basurde elkarteak 50. urteurrena betetzen zuela aprobetxatuta, «ondo merezitako» omenaldia egin nahi izan diotela esan du Zuriarrainek. «Ehiztari batzuen ideiatik sortutako elkartea bere ibildea egiten ari da, eta hainbat ekitaldi arrakastatsu antolatzen ditu». Alkateak aipatu nahi izan du 2011n egin zela bazkide lehen emakumea, «eta geroztik, zorionez, gehiago ere badira». Amaitzeko, elkartea zoriondu du. «Urte gehiago bete ditzala».
Basurde elkarteko kideek esan dute «ohore handia» dela aurten festetako txupinazoan pregoilari izatea. «Ospakizun berezia dugu. Mende erdi honetan, elkarteak herriaren alde lan egiteko eta elkarrekin gozatzeko konpromisoa izan du». Ondoren, «herrigintzaz gozatzeko» antolatutako zenbait ekintza zerrendatu dituzte. «Basurde elkartea ez dute antolatutako ekintzek soilik osatzen. Basurde elkartean pertsonak daude. Belaunaldiz belaunaldi, denbora, lana eta ilusioa eskaini duten bazkideak. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiegu urte hauetan guztietan elkartearen parte izan zareten guztiei», adierazi dute.
Berastegiarrei ere zuzendu zaizkie elkarteko kideak. «Herri txikia da gurea, baina bihotzez handia. Horren erakusle dira gure jaiak, eta urte luzez lanean aritu diren herritarrak. Gure elkarteak 50 urte bete baditu, herri honek hala nahi izan duelako da. Jarraitu dezagun elkarrekin Berastegi bizirik mantentzen, herria guztion artean eraikitzen. Bizi ditzagula jaiak harrotasunez eta errespetuz».
Txupinazoaren ondoren, buruhandien txanda izan da; plaza inguruan aritu dira haurren atzetik korrika. Bitartean, herriko txistulari eta trikitilariek plazan hasi eta amaitu den kalejira txiki bat egin dute. Ondoren, udal gobernuko kideek gozokiak bota dituzte udaletxeko balkoitik; haur eta gaztetxoak horiek biltzen aritu dira. Txupinazoaren bueltako ekitaldiak amaitzeko, Iruñeko Buztintxuri erraldoien konpartsak emanaldi polita egin du plazan. Zenbait kalejira eta balts dantzatu dituzte, Nafarroako hiriburuko Ezpelur dultzainero taldeak lagunduta.
13:00etan, eskuz binakako pilota txapelketa herrikoiaren finala jokatu dute Ipuliño frontoian. Mattin Intxaurrondok eta Unai Onsalok 22-12 irabazi diete Iñigo Lezea eta Jon Lasari. Txupinazoaren aurretik ere izan da pilota jaialdia frontoian. Haurren frontenis txapelketako finala jokatu dute.
Arratsaldean eta gauean izango du jarraipena festetako lehen eguneko egitarauak:
- 17:30. Herritarren arteko herri kirol saioa eskola atarian. Zazpi taldek parte hartuko dute, belaunaldika banatuta.
- 21:30. Herri afaria, plazan.
- Ondoren. Sari banaketa.
- 00:00. DJ Bull.