Maiatzean Donostiako Gasca kiroldegian jokatutako alebin mailako areto futboleko finalean txapeldun izateagatik, J.A. Muñagorri eskolako alebin neskek festetako suziria jaurtitzeko ohorea izango dute. Eneritz Egimendia, Haizea Etxedona, Araitz Azpiroz, Lorea Mugertza, Inge Apezetxea, Aizpea Aginaga, Intza Aginaga, Nora Curiel, Nahia Sarasola, Jare Otegi, Iraia Domintxin eta Intza Arraras prest daude suziria botatzeko.
Txupinazoa jaurtitzeko berria nola jaso zenuten? Eta nola hartu duzue albistea?
Gurasoek esan ziguten herriko jaietako txupinazoa jaurtitzeko aukeratu gintuztela. Beraiek, berriz, kultur zinegotziaren bidez jaso zuten albistea. Alde batetik, ustekabeko galanta izan da guretzat; bestetik, oso pozik gaude jasotako berriarekin, eta eguna iristeko irrikaz gaude.
Egun horretan zein izango da zuen egitekoa?
Jakinarazi digutenez, udaletxeko balkoira igo beharko dugu, eta suziria botatzearekin batera, herritarren aurrean hitz egingo dugu. Ondoren, taldekide guztien artean, baliteke bazkari bat egitea eguna ospatzeko.
Zergatik hautatu zaituzte txupinazoa botatzeko?
Maiatzean, alebin mailako areto futbolean Gipuzkoako txapeldun izatea lortu genuelako hautatu gaituzte. Finala Donostiako Gasca kiroldegian jokatu genuen, eta Tolosako Laskorain Ikastolako nahiz Ataungo Joxemiel Barandiaran eskolako nesken aurka aritu ginen.
Gipuzkoako txapeldunak izateko bidea nolakoa izan da?
Lehenengo multzoan, eskualdeko hainbat ikastetxeren aurka jokatu genuen: Tolosako Herrikide ikastetxea, Asteasuko Pello Errota eskola, Ibarrako Uzturpe ikastola, Amezketako Zumadi eskola eta Anoetako Herri Ikastola, besteak beste. Multzo horretan partida guztiak irabazi genituen, eta horri esker Gipuzkoako txapelketako finalerako sailkatu ginen. Finalean, esan bezala, Tolosako Laskorain Ikastola eta Ataungo Joxemiel Barandiaran eskolako taldeak izan genituen aurkari. Tolosarren aurka 0 eta 0 berdindu, eta Ataundarrei 2 eta 0 irabazita, txapeldun izatea lortu genuen.
Zenbat jokalari zarete taldean?
Guztira hamabi jokalari gara taldean. 10-12 urte bitarteko neskak gara, eta elkarren artean harreman bikaina dugu.
Hemendik aurrera zein dira zuen asmoak?
Taldeko kideok datorren urtean ere eskola kirolean lehiatzen jarraituko dugu, oraindik ez baitzaigu DBHra igarotzea tokatzen. Behin infantil mailara iritsita, gehienok Aiztondo Neskide kirol taldean futbolean jokatzen jarraituko dugu.
