ERREPORTAJEA

Biziberritzen ari den lanbide zaharra

Josu Artutxa Dorronsoro 2025ko mar. 28a, 07:57

Ardiak Berastegin, asteon. J.A.D.

Artzaintza erdigunean jarriko dute Berastegin; BE! Artzain kultur asteburua ospatuko dute eta 'Etorkizuna hausnarrean' izango da aurtengo gaia. Gaur, artzaintzaren inguruko jardunaldiak izango dira.

Hirugarrenez, BE! Artzain kultur asteburua ospatuko dute Berastegin. Gaur hasi eta igandera bitarte, hamaika jarduera izango da eskualdeko herririk zabalenean. Guztiei esker, ardien munduan barneratzeko aukera egongo da. Udalak eta herritarrek, mimo eta ilusio handiz antolatu ohi duten ekimena da, eta lehen bi urteetan, behintzat, bisitari ugari erakarri ditu eskualdetik, Gipuzkoatik nahiz Euskal Herri osotik.

Eta zergatik Berastegin? Ardiak herriaren parte direlako, 1.000 biztanleko herrian, 6.000 ardi inguru daudelako. Berastegira joan, eta ohikoa izaten da ardiak belazeetan ikustea. Asteburu honetan, are gehiago, protagonista izango direlako, eta artzaintzaren mundua bertaratzen direnekin elkarbanatu nahi dutelako.

Natur ingurunean egiten den erabilerarik zaharrenetakoa da artzainen ofizioa. Duela 12.000 urte inguru hasi zen, neolitikoan. Berastegin, iraganera baino, gerora begira jarriko dira, Etorkizuna hausnarrean izango baita aurtengo edizioko izenburua. «Ezin dugu etorkizuna irakurri, baina bai irudikatu, amestu», esan dute antolatzaileek. Zenbait gairen inguruan hausnartuko dute.



Bi haur, BE! Artzain kultur asteburuaren iazko edizioan, ardien postuetan. LEYRE CARRASCO

Gazteak, oraina

Gaur, hain justu, artzaintzaren inguruko jardunaldiak egingo dituzte. 14:30ean hasita, zenbait hitzaldi izango dira udaletxean, alor desberdinetako adituen eskutik. Ane Gartziandia (Donostia, 1973) Gomiztegi artzain eskolako formazio koordinatzailea izango da horietako bat. 15:40tik aurrera, Gazteak, artzaintzaren oraina eta etorkizuna hitzaldia egingo du donostiarrak. «Batez ere, azken hamarkadetan sektorean izan den gainbeheraren inguruan hitz egingo dut. Beti ari gara etorkizunari buruz hizketan, baina gazteek oraina izan behar dute, bestela, tamalez egongo da etorkizunik».

Gomiztegin bizi izan duten eboluzioa ere azalduko du Gartziandiak. «Sektorean bizi dugun egoeraren isla da. Azaldu nahiko nuke ere egoera sozialak zerikusi handia daukala. Gaur egun, baserri munduko gazteak askotariko ikasketak egiteko aukera du. Industria munduko lanpostu bateko baldintzak erakargarriak izan daitezke, eta horrek, mundu urbanoarekin parekatzen zaitu».

Artzain eskolako kidearen esanetan, etorkizunaz hausnartzea ez da erraza. «Oraina bera ere ez da samurra». Hori bai, «garbi» dauka «gaur egungo gazteak zaindu» behar dituztela. «Nolabait ere, bidea erraztu behar diegu. Artzaintzak etorkizuna bermatuta izan behar du, eta horretarako, lehen sektorea beharrezkoa izango dugu. Beraz, elikatzen jarraitu behar dugu. Gure inguruko belaunaldiok ez dugu inoiz gosetea ezagutu, eta lehen sektoreari ez zaio horrenbesteko garrantzia eman. Bada, daukan balorea eman behar zaio. Antzeko zerbait gertatzen da medikuekin, gaixotzean soilik baloratzen ditugula alegia».

Fokua, erreleboan

Etorkizunera begira, artzaintzak fokua non jarri beharko lukeen galdetuta, Gartziandiak ez du bi aldiz pentsatu: «Une honetan, erreleboan dago fokua. Hori bai, jarduera batek erreleboa izan dezan, ezinbestekoa da errentagarritasuna izatea, eta bertatik bizi ahal izatea. Artzaintzan hasten den oro, eta gero jarraitzen duen oro, badaki ez dela urrezkoa egingo, baina bizimodu honek poz handia ematen diolako hasten da, asetzen duelako».

Errelebo lanketa horretan, baina, «hausnarketa kolektiboak» ere egin behar direla nabarmendu du donostiarrak. «Garai batean, baserrietan ezin zen aukeratu ea artzaintzak jarraipena izango ote zuen. Gaur egun, berriz, baserri askotan ez du jarraipen zuzena, bertan bizi diren gazteek hautatzeko aukera dutelako. Jakinduriaren transmisio zuzen horretan mozketa bat gertatzen da».

Egoera horren aurrean, «formula desberdinak» landu behar direnaren ustea du artzain eskolako kideak. Etorriko dira beste batzuk artzaintzan aritu nahi dutenak, eta nolabait ere, jakinduria hori garatu beharko dute, egun dauden baliabideekin. Aztertu beharko da segidarik ez daukaten artzainek zer faktorek eraginda uzten duten ofizioa, beste norbait sar dadin. Zer beldur edo zer zailtasun dauden ondorioztatu beharko dugu, eta era berean, jakinduriarik ez daukanak eta hasi nahi duenak, zer behar daukan jakin beharko dugu».

Eskolatik igarotako erdiak, lanean

Oñatiko Arantzazu auzoan dago Gomiztegi baserria, eta bertan ematen ditu eskolak Gartziandiak. Artzain berriak sortzeko ezinbesteko eskola den galdetuta, «formakuntza hau erreminta bat gehiago besterik ez da» erantzun du. «Ezin da pentsatu eskola batek erreleboa aurrera aterako duenik. Komunitate edo sare nahiko sendoa sortzen ari gara, gerturatzen diren gazteak hain arrotz sentitu ez daitezen, ikus dezaten ere jende gehiago dagoela, taldea egin dezaten, eta baserritarrekin harremanetan jarri, beraiekin praktikak egin, ofizioaz ikasi eta bizitza guztirako erreferenteak izateko aukera izan dezaten», gaineratu du.

Gaur egun, osasuntsu dago eskola. Aurtengoa, 28. ikasturtea izaten ari da, eta orain arte, 300 ikasle baino gehiago igaro da bertatik. «Bilakaera positiboa izan du», esan du Gartziandiak. «Urtero igaro dira ikasleak bertatik, eta oraingoz, gutxi gorabehera erdiak jarraitzen du lehen sektorean lanean».

Eskolan aritzen diren ikasle gehienak landa-eremuetako herrietatik joaten dira. «Hori bai, profil horretako geroz eta ikasle gutxiago etortzen direla jabetzen ari gara. Bestalde, ugaltzen ari da landa-eremutik at datorrena; gainera, interes handia erakusten dute lehen sektorearekiko», nabarmendu du. «Aberasgarria da bi eremu horietatik datozen ikasleak elkartzea, ikuspuntu desberdinak dituztelako, eta kontraste politak sortzen direlako», gaineratu du.

Gartziandiaren ustez, ordea, Gomiztegik batzuetan «irudi idealizatua» du. «Etortzen diren ikasleetako batzuek, artzain izateko edo lehen sektorean lanean aritzeko ideia gustukoa dutelako eta gehiago ezagutu nahi dutelako etortzen dira, baina gerora jabetzen dira ez dutela nahi.

Enplegua, soberan

Ikasleen jatorriari dagokionez, gehienak euskal herritarrak izaten dira, %80tik gora. «Eskolan sartzeko puntuazioetarako baldintzetako bat erkidegoan erroldatuta egotea da, horiek hemen geratzea baita helburua», adierazi du eskolako kideak. Kataluniatik edota Andaluziatik ere gerturatu izan direla esan du, eta azpimarratu du horietako zenbait, gaur egun, bertan ari dela lanean, lehen sektorean.

Baliteke ikasle horietako batzuek Gomiztegik martxan duen enplegu-poltsan izena ematea. Izan ere, esparru horretan, enplegua bilatu eta eskaintzen duten profesionalak elkarrekin harremanetan jartzen dira. Eskuragarri dauden eskaintzak aurkitu eta norberak bereak bidaltzeko aukera dago bertan. «Lana soberan dago artzainentzat, baserri guztietan», esan du Gartziandiak. «Ez dagoena da ekonomia bat, lanaldi osoan soldatapeko langile bat edukitzeko. Lana badago, izan ere, ordezkapenak egiteko artzainak ere beharrezkoak dira», gaineratu du.

Eskari handiena Ipar Euskal Herrian dagoela esan du artzain eskolako kideak. «Bertan ere enplegu-poltsa bat dute, nahiko ondo funtzionatzen duena, eta langileak falta dira, kualifikatuak; askotan deitzen dute, eta gure ikasleak ere joaten dira hara. Asko Hego Euskal Herrian geratu da, baina Ipar Euskal Herrira joateko joera handia dute. Bestela, Kataluniatik, Burgostik edo Espainiako beste lurralde batzuetatik ere deitzen digute. Eskaria ez da Ipar Euskal Herrian bezain handia. Baldintza duinak behar izaten dira askotan, eta artzainek ere prest egon behar dute mugitzeko. Askok finkatzeko nahia izaten dute, eta hor sortzen dira arazo handienak».

 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!