Artzainek ez dute jaiegunik, ez astebururik, ezta greba egunik ere; norberak egiten ez duena, ez du beste inork egiten. Iraitz Garaiburu Zubeldia (Berastegi, 2005) eta Oier Ugartemendia Arregi (Berastegi, 2007) ia oinez hastearekin batera hasi ziren ofizio honetan. Hasieran zesuma, jolasean; gero, etxean esku bat botatzeko; ondoren, afizio moduan; eta orain, ia ofizio. Bi gazteek gogotik bizi dute ofizioa: «Gure zaletasuna da». Gaur, taberna batean bezala, beraiekin tertulian ariko da Josu Ozaita, artzaintzaren inguruko jardunaldien barruan egingo duten Izan zirelako gara, garelako izango al dira? mahai-inguruan.
Etxean betidanik bizi izan duzue artzaintza?
Iraitz Garaiburu: Bai. 10 urterekin hasi nintzen artzaintza mundua ezagutzen; senideak ofizio honetatik bizi ziren. Hala ere, aurrerago ezagutu nuen benetan ofizioa zer zen. Ez ginen kontziente zer ofizio mota zen eta nolako lana eskatzen zuen. Nire aitaren osaba batek ardiak zituen, eta nire anaia berarekin hasi zen, aurrena afizioz, eta gero ofizioan. Gaur egun jarraitzen du, arrebak, amak eta osabak lagunduta.
Oier Ugartemendia: Gure aitak afizio ikaragarria zuen. Bere aitak ez zuen ardirik, baina osabarekin eta auzoko bizilagun batekin aritzen zen. Gerora, bere urratsak jarraitzen hasi nintzen, eta zaletu egin ninduen. Gaur egun, aita eta biok aritzen gara, eta amonak laguntzen du, tarteka.
Nolako oroitzapenak dituzue?
Ugartemendia: Lehenik jolas modura aritzen nintzen, aitarekin batera. Beranduago, zer lan egin behar diren jabetu nintzen, eta laguntzen hastearekin batera, ikasten hasi nintzen.
Garaiburu: Gure entretenimendua izaten zen ardietara joatea. Lan handirik ez genuen egiten. Urteak pasa ahala, konturatu ginen hura lanbide bat zela, eta ez jolas bat.
Zuek nolatan erabaki zenuten artzain izatea?
Garaiburu: Oraingoz, esango nuke, ez naizela artzaina; behintzat, ez naiz egin oraindik. Bizi guztian ikusi dudan zerbait bada ere, 12 urterekin hasiko nintzen artzaintza benetan ezagutzen, eta oraindik ikasten ari naiz.
Ugartemendia: Nik oso gustukoa dut artzaintza. Bizi egiten dut animaliekin lanean aritzea. Amak beti esaten zidan Batxilergoko ikasketak egiteko. Nik ezetz esaten nion, eta Fraisoro eskolara joan nahi nuela. Burugogorra izan nintzen, eta azkenean, konbentzitu egin nuen eta Fraisorora joan nintzen. Oraingoz, goi-mailako ikasketak amaitu eta hemendik aurrera ofizio honetatik bizitzea da nire asmoa.
Nola daramazue artzaintza eta lana uztartzea?
Garaiburu: Duela gutxira arte, formakuntza duala egiten aritu naiz. Ikasten eta lanean aritzen nintzen, eta gero, baserriko zereginetan. Mekanizatuko goi-mailako ikasketak amaitu nituen, eta orain, lanean ari naiz metalaren eraldaketan.
Ugartemendia: Erdi-mailako bigarren urtean nago, eta hurrengo ikasturtean Abeltzaintzako goi-mailako ikasketak egingo ditut Kantabrian (Espainia). Une honetan, Orexako Oihan Txiki kooperatiban ari naiz praktikaldia egiten. Gainerakoan, ikasketak eta artzain lanak uztartzen ari naiz ikasturte honetan; etxean ahalik eta gehien laguntzen saiatzen naiz.
Garaiburu: Artzaintza beste ogibide batekin uztartzea gehiegi da, ia ezinezkoa. Neka-neka eginda amaitzen duzu eguna. Astean zehar eguneroko lanak egiten dituzu, eta asteburuetan, berez atseden hartzeko egunak beharko luketenetan, beti egiten dituzu lan gehigarriak, egunerokoan egiten ez dituzunak. Hala arituz gero, behintzat, ez dago atsedenerako tarterik.
Eta Gomiztegi artzain eskolan ibili al zarete noizbait?
Ugartemendia: Ez, baina geroago bertan ikasketak egiteko asmoa daukat.
Garaiburu: Askok gomendatu didate bertara joatea. Asko ikasten dela entzun izan dut; sona handia duen eskola da.
Garrantzitsua al da?
Garaiburu: Norbaitek artzain izan eta bertatik bizi nahi badu, ezinbestekoa da bertara joatea. Ofizio honetan jakin beharreko guztia ikasten da bertan.
Artzaina, jaio ala egin egiten da?
Garaiburu: Ez dut uste beharrezkoa denik artzain jaiotzea, baina bai artzaintzarako zaletasunarekin jaiotzea. Asko dira baserrietan artzaintzari lotuta hazi izan diren umeak, baina beranduago hori gustuko ez dutenak.
Ugartemendia: Artzaintzan aritzekotan, asko gustatu behar zaizu, bestela, jai duzu. Behartuta aritzea ez da batere ona.
Nolako ofizioa da artzaintza?
Ugartemendia: 365 egunekoa.
Garaiburu: Beste edozein lanbidetan, nahiz eta lana oso gustuko ez izan, lantokian zortzi ordu igarotzen duzu, eta eguneko gainerako orduak eta asteburuak libre izaten dituzu. Gainera, agian, giro ona daukazu lankideekin. Hemen, ez dago halakorik. 24 orduz egon behar duzu adi. Ez dut esan nahi erotuta bizi behar denik, baina oporretan bazaude, eta zerbait gertatzen bada, ardiena joan behar duzu.
Ugartemendia: Gustukoa baduzu, zaletasun bat izan daiteke.
Garaiburu: Ez nuke esango ofizio gogorra denik. Fisikoki gogorra edo nekagarria izan daiteke, akaso, baina aldi berean, gustagarria eta eramangarria da. Gazte asko, eskolatik edo lanetik etxera iristen denean, futbolean entrenatzera joaten da, beraien zaletasuna delako. Bada, gure kasuan, baserriko lanak egitea da gure zaletasuna.
Uda izaten al da garairik lasaiena?
Ugartemendia: Udazkena, akaso, lasaiagoa. Neguan eta udaberrian ibiltzen gara lanpetuen.
Zer lan egiten dituzue artzainek?
Garaiburu: Zerrenda amaigabea da: ardiak jetzi, azpiak atera, belarra ukuilura eraman, ardiei jaten eman, gazta egin, udazkenean garoa bildu, garbiketa lanak...
Aspertzeko tarterik ez daukazue, beraz.
Garaiburu: Askotan galdetzen digute: «Lanak bukatu al dituzue?». Eta guk erantzuten dugu: «Bukatu ez, utzi egin ditugu». Behin ere ez dugu bukatzen.
Une honetan, ardiak belardietara ateratzen ari zarete?
Ugartemendia: Oraindik ez; eguraldiaren menpe gaude. Eguraldi ona egiten duenean ateraz gero, eta segituan eguraldi txarra egiten hasten bada, ardiaren esnean eragina dauka. Ondorioz, eguraldi egonkorra behar dugu.
Garaiburu: Batez ere, esnea zikinagoa ateratzen da, eta horrek, gaztaren forman edota zaporean eragin handia dauka. Une honetan, belardietan ikusten ditugun ardiak, gehienbat, antzututako ardiak edo aharikoak dira. Jezteko diren ardiak ukuiluan daude oraindik.
Biek egiten duzue gazta?
Garaiburu: Bai, baina guk etxean kontsumitzeko edo gertukoei saltzeko. Gure gazta ez dago Idiazabal jatorri-deitura dutenen artean.
Ugartemendia: Gurea bai. Urtean 8.000 kilo gazta egiten ditugu. Gazta bakoitza kilo pasatxokoa dela jakinda, 6.000 gazta inguru dira. Azaroan jaiotzen dira arkumeak, eta abenduan hasten gara gazta egiten, uztailera bitarte edo, gutxi gorabehera.
Garaiburu: Posible da gazta urte osoan zehar egitea, baina, berez, orain da sasoi onena. Giro freskoa behar izaten da ardiak jezteko, esnea ahalik eta kalitate onenekoa izan dadin. Udan jetziz gero, eta ardiaren elikaduraren arabera, gaztaren gantzean eragina izan dezake.
Lanbidea baino gehiago, zuentzat bizitzeko modu bat da?
Biek: Bai. Gure zaletasunak artzaintzari lotuta daude.
Bizitzeko ematen al du?
Garaiburu: Posible da, baina zaila da. Ondo prestatuta egon behar duzu.
Ugartemendia: Sakrifizio handia eskatzen du. Ordu luzez lan egin behar da egunero, eta lehen urteetan, inbertsio ikaragarriak egin behar dira. Beraz, beharrezkoa da ekonomikoki berme handia edukitzea. Ezinezkoa da hutsetik hastea lanbide honetan, bertatik bizi nahi izanez gero, behintzat. Behin artzaintzan hastean, ezinezkoa da zortzi orduz lan egin eta martxa egitea. Ahalik eta lan gehien egin behar da. Bestetik, ardiak jetzi eta esnea ateratzearekin soilik, jai daukazu. Marjina oso txikia da. Ekonomikoki ondo bizi nahi izanez gero, ezinbesteko baldintza da gazta egitea.
Oier Ugartemendia: «Ezinezkoa da lanbide honetan hutsetik hastea, bertatik bizi nahi izanez gero, behintzat»
Zer da artzaintzatik gehien gustatzen zaizuena?
Ugartemendia: Niri dena.
Garaiburu: Niri ere bai. Dena gustatzen zait, eta artzainoi dena gustatu behar zaigu. Ardiak gustuko badituzu, baina beraiek zaintzea eta beraiekin lan egitea gustatzen ez bazaizu, artzaintza ez zaizu gustatzen.
Irudikatzen al duzue zuen bizitza ardirik gabe?
Garaiburu: Nik ez dut imajinatzen nire bizitza baserririk gabe. Askori galdetzen diet: «Zuek zer uste duzue baserria bakarrik dela?». Esaten da gazteok entretenituta bizi behar dugula, eta beti egon behar dugula zerbait egiten. Bada, hemen ez dugu aspertzeko aukerarik izaten.
Zuen inguruko lagunak ere baserri giroko ofizioetan aritzen dira?
Garaiburu: Ez dira horietan aritzen, ez dute hori bizi, baina modu batera edo bestera, ezagutzen dituzte.
Inor ez al da harritzen horren artzain gazteak ikusita?
Garaiburu: Dagoeneko ohituta daude. Batzuetan, baserriaz hizketan hasten garenean, «hasi dituk!» esaten dute. Batxilergoa egitera Tolosara joan nintzenean, ez zegoen beste ikaslerik baserri munduan aritzen zenik, eta orduan, deigarriagoa zen.
Berastegi inguruan asko al zarete artzainak?
Garaiburu: Bai, baina gazteak oso gutxi. Adineko batzuk badaude, baina kontua da guztiek kolpetik utziko dutela. Adin bertsukoak dira denak, eta oso onak, baina ez daukate jarraipenik ziurtatuta.
Zuek luzaroan artzain izateko asmoa daukazue?
Garaiburu: Ahalko balitz, bai. Gustura biziko nintzateke artzaintzatik. Ba al dakizu zer den zaletasun batetik bizi ahal izatea?
Nola ikusten duzue artzaintzaren etorkizuna?
Ugartemendia: Desagertzea ezinezkoa da, batetik, ez delako komeni bertako paisaia berdeak marroi bilakatzea. Bestetik, ez dakit bizi ahal izateko zer jango genukeen.
Iraitz Garaiburu: «Mila ardiko ukuilu batean robot bat jartzea eta ardiei jana ero moduan ematea ez da artzaintza»
Garaiburu: Nahiko ziurra da lehengo artzaintza klasea desagertuko dela, lehengo modua alegia. Ezinbestekoa da modernizatzea, noski, gure etxetik hasita. Hala ere, uste dut beharrezkoa dela lehengoari pixka bat eustea. Esaterako, mila ardiko ukuilu batean robot bat jartzea eta ardiei jana ero moduan ematea ez da artzaintza. Hori eginez gero, ez dauzkazu ardiak, esnea emateko makinak baizik.
Teknologiak ez al du laguntzen?
Garaiburu: Bai, bai. Robotak ere lagungarri dira, baina mota horretakoak, hau da, etxetik maneiatu daitezkeenak, ez. Beste gailu batzuk, esnearen kalitatea kontrolatzen dutenak, ekoizpena hobetzen laguntzen dutenak, gazta egiten laguntzen dutenak edota ardiak jeztekoak, aldiz, bai. Ondo erabiliz gero, mila gauza hobetzeko gai dira.
Eta erakundeetatik laguntza nahikoa jasotzen al duzue?
Garaiburu: Diru laguntzak jasotzen ditugu, baina horiek ez dira nahikoa. Gehiago lagunduko luke arkumeei edota gaztari prezio duin bat jartzeak, egiten dugun lana benetan balioan jartzeak alegia. Gainerako laguntzek ez daukate zentzurik. Ekoizten duguna ondo baloratzea besterik ez dugu eskatzen.
Ugartemendia: Zuk egunero produktu bat egiten baduzu, ondoren, saltzeko garaian, errespetu bat izan behar du. Balio duena ordaindu behar da.
Garaiburu: Hala gertatuz gero, ez legoke arazorik. Bizitzeko emango luke, eta ez litzateke egongo artzainak desagertzeko arriskurik.
Nolako garrantzia du BE! Artzain kultura asteburuak?
Ugartemendia: Handia. Hasteko, lehen esan dugun bezala, gure produktuak balioan jartzeko ezinbestekoa da. Gure ofizioa behar bezala ezagutzeko modu bat ere izan daiteke.
Garaiburu: Aurreko edizioetan, baserritik bizi ez den edo mundu horretan mugitzen ez den jende asko gerturatu izan da, ez herrikoa bakarrik, baita kanpokoa ere. Jakin-min handia pizten du, eta hori oso aberasgarria da.