«Egin dezagun Berastegi handi berriro»

Ataria 2025eko otsailaren 22a

Berastegiko inauterietan umorerako tartea izan da, Trumpen agerraldiarekin, jaietako entzierroarekin edota moto lasterketarekin.

Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidentea eskualdean izan da, zehazki Berastegin. Herria inauteri bete-betean delarik egin du sartu-irtena, herritarrei hurrengo hauteskundeetara aurkeztuko dela jakinarazteko. Ez hori bakarrik, irabaziz gero egingo lituzkeenak ere jarri ditu mahai gainean: Leitzarango trena berriro ere martxan jartzea, bi harresi eraikitzea, bata Berrobin eta bestea Leitzan (Sarrio lantegiaren ondoren), lantegia gerora Berastegiren parte izatera pasako dela hitz eman du, eta bedaiotarrei Tolosara baino Berastegira batzeko aukera eman die. Hori guztia helburu batekin: «Berastegi berriro ere handi egiteko». Segurtasun neurri handiekin egin du agerraldia Trumpek Berastegiko plazan, eta hitzaldia amaitu ostean tiro hotsak entzun direnez, berehala utzi du herria. 

Inauterietako txupinazoa entzun da Ameriketako Estatu Batuetako presindetearen hitzaldia eta gero, eta ondoren hainbat taldek prestatutako ikuskizunak izan dira ikusgai. Batetik, salontzoetan entzierroa egiteko ideia proposatu dute, eta moto lasterketa ere egin dute. Azkenik, gaztetxo talde batek dantza dotorea eskaini du. Eta, azken orduko parte hartzaile bat ere izan da herriko plazan. Motozerrarekin egurra moztuz animalien irudiak egin dituen herritarra.

Eguerdi atsegina igaro ostean, herritarrak bazkaltzeko elkartu dira, eta festak arratsaldean jarraituko du, txaranga doinuekin, eta gauean luntxa eta DJa izango dute Urepele elkartean.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!