Tolosako inauterien aurretik, eskualdeko zenbait herritan ospatu ohi dute mozorro festa. Horren adibide da Berastegi. Tolosako kaldereroetako asteburuan antolatu ohi dituzte inauteriak, eta hala egingo dute aurtengoan ere. Gaztainondo elkarteak antolatu duen talo jatearekin emango diote ostegunean hasiera festari, eta larunbata bitarte izango da zertaz gozatu.
Eskolako ikasleak izango dira ostiraleko protagonistak. Aurtengo gaia Euskal Herriko jaiak izango da, eta hortaz, egun horretan gai horren bueltako mozorroak ikusi ahal izango dira Berastegin. Lehendabizi, desfilea egingo dute herrian zehar, eta ondoren, dantza emanaldia ikusteko aukera izango da plazan. Horren ostean, pintxopote mozorrotua egingo dute eta Garazi Otxandorena kultur zinegotziak mozorrotzeko deia egin die herritarrei.
Egun handia larunbatean izaten dute Berastegin, goizean goizetik hasten baita festa. Ohiturari jarraituz, arbiaren igoerarekin batera, iazko garaileek botatzen dute suziria. Hortaz, aurten, Zaborrazo taldeak jaurtiko du suziria. Hori lehertuta, mozorroen desfileari emango diote hasiera, tartean koreografiak eta antzerkiak eginez. Egun horretan, bazkari herrikoia izaten dute eta urtero moduan, jatekoa norberak eraman beharko du. «Ogia, edaria, kafea eta kopa antolakuntzak jarriko ditu».
Herri bazkarian, gainera, mozorro onena aukeratzen dute bozken bitartez, eta aurten ere hala egingo dute. Boto gehien jasotzen duen mozorroak ohorezko arbia eta datorren urteko inauterietako pregoilari izateko saria irabaziko du. Baina ez da aurtengo lehiaketa bakarra izango. Izan ere, aurten argazki lehiaketa ere antolatu du Berastegiko Udalak, Guraso elkartea, Urepele elkartea eta Gaztelekuarekin elkarlanean.
Horretarako, herriko hiru puntutan –Ategin, Urepele gaztetxean eta pilotalekuan– fotomatoiak jarriko dituztela azaldu du zinegotziak, «eta herritarrek horietan atera beharko dituzte argazkiak». Argazkiak, 688 681 952 zenbakira bidali beharko dira eta argazki originalena udan argitaratzen duten Aidanen aldizkarian agertuko da.
EGITARAUA
- Otsailak 20, osteguna
- 18:00. Txistor-jatea Gaztainondo elkartean bertakoentzat.
- Otsailak 21, ostirala
- 14:45-16:00. Eskolako desfilea, herrian zehar. Aurtengo gaia: Euskal Herriko jaiak. Ondoren, txokolatea, Guraso Elkartearen eskutik, eskolako atarian.
- 18:00. Haurren dantza emanaldia plazan.
- 19:00. Pintxopote mozorrotua.
- Otsailak 22, larunbata
- 12:30. Txupinazoa iazko garaileen eskutik, arbiaren igoerarekin batera. Jarraian, mozorroen desfilea, koreografia, antzerkia... plazan.
- 14:00. Bazkari herrikoia frontoian.
- 17:30. Joselontxos txaranga herrian zehar. Iluntzean, luntxa eta DJa Urepele elkartean.