Irailaren 21ean, larunbata, izango du final zortzirenetako kanporaketako saioa, Lazkaoko Areria aretoan, 17:00etan hasita.
Zein sentsazio duzu txapelketari ekin aurretik?
Uda azkarregi igaro da, eta konturatzerako iraila heldu da eta txapelketa gainean dugu. Nahi adina estutu gabe eta nahi adina prestatu gabe nago oraindik, baina iruditzen zait azken esprint honetan puntuan heltzea lortuko dudala.
Prestaketa berezirik egin al duzu?
Bertso eskolan elkartu gara, baina koadernoko lan gutxi egin dut, eta udan ez dut saiorik egin.
Udaberrian bi helburu zenituen: bertsotan modu naturalean egitea eta, zure azken urtea izango denez, udazkenean agurtzea. Biak bete zenituen?
Bai, baina ez guztiz. Sailkapen fasean une onak eta txarrak bizi nituen. Lehen saioa oso txarra egin nuen; bigarrenean, hobeto aritu nintzen, baina borobildu gabe. Ondorioz, hobeto egiterik badago. Beste helburu bat Beñatekin batera txapelketan kantatzea zen, eta hori ere beteko dut.
Udaberrian kanpoan geratu zirenak gutxietsi gabe, udazkenean ariko zareten bertsolariak kontuan izanda, bertsotan erosoago sentitzeko aukera izango duzue?
Izenez, bertsolari hobeak dira udazkenean batuko direnak, baina udaberrian kanpoan geratu ziren asko ere bertsotan asko egiten zutenak ziren. Orain sartzen direnek erregulartasun handiagoa ziurtatu dezakete, eta beraz, ofizio bat elkarlanean aurrera eramatea errazagoa izan daiteke. Hala ere, beti gertatu liteke gaizki ulerturen bat.
Eta orain, zein helburu duzu?
Txapelketa batean aritzen garenean, beti izaten da helburua ahalik eta saio onena egin, ahalik eta puntuazio altuena lortu eta hurrengo fasera sailkatzea. Nire kasuan, ahalik eta naturalen egin nahiko nuke bertsotan, gustura aritu nahi dut. Bertsotan ondo egin eta bosgarren sailkatuz gero, gustura egongo naiz, baina bertsotan gaizki aritu eta lehen postuan sailkatuz gero, aho zapore txarrarekin geratuko naiz.
Nolako txapelketa aurreikusten duzu? Gazteak gogotsu datoz ate joka.
Ohartu gabe, gazteen artean aritzetik ia zaharrenak izatera igaro gara. Gazteek, gainera, sekulako maila dute bertsotan; oso prestatuta daude. Hortaz, gozatzeko moduko urteak datoz aurretik.
Udaberrian esan zenuen ofiziotan aritzen zarela erosoen. Beste ariketaren bat ere baduzu gustuko?
Koplatakoa esango nuke. Ariketa mota horietan garrantzi handia du bertsokidearekin duzun konplizitateak, lortzen den hartu-emanak. Eragin handia du bakarka nola egiten duzun gero bikotean elkar aritzeko. Bakarkakoa beti bezala prestatuko dut, baina gero, akaso, ez da nahi bezala joango.
Ganbarako ariketa saioaren erdian kokatzeak eragina izango du?
Irudipena dut eragina izango duela saioko lehen bertsolaria izan edo seigarrena. Seigarrenak denbora tarte handiagoa izango du ganbarakoa prestatzeko, baina ondoren, tarte txikia berriro binakakoari ekiteko. Ona bezala, txarra ere izan daiteke postu horietan egokitzea.