Berastegiko jaiak 2024

Kuadrillen arteko lehia, patata tortilla onenaren bila

Leyre Carrasco 2024ko abuztuaren 9a

Salontzo jaiak ari dira ospatzen Berastegin eta gaur kuadrilla eguna dute; goizean, patata tortilla txapelketa herrikoia egin dute herriko plazan, eta toka txapelketa eta zinta-jokoa ere izan dituzte tartean.

Eguraldia lagun izan dute gaurkoan berastegiarrek, eta giro ederrean bildu dira herriko kuadrilla guztiak plazan. Aurten ere patata tortilla txapelketarekin abiatu dute kuadrillen eguna. Honela, kuadrilla bakoitza bere tortilla prestatzen aritu da, eta ondoren, tortilla guztiak dastatzeko aukera izan da, txakolinaz lagunduta. Horretaz gain, bizikletarekin zinta-jokoan eta toka txapelketan aritu dira herriko gaztetxoenak. Incansables txarangak girotu du gaurko goiza.

Eguerdian, berriz, kuadrillen bazkaria egin dute eskola atarian, eta kuadrillen arteko jokoekin emango diote hasiera arratsaldeari, 17:30etan. Horren ostean, sagardo dastaketa izango dute, txorizo-egosi eta gaztarekin, eta toka txapelketa egingo dute berriro, 2011. urtetik atzera jaiotakoentzat.

Hala ere, iluntzera arte izango da zertaz gozatu Berastegin. Ikusi hemen egitarau guztia.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!