Berastegiko jaiak 2024

Indarrak neurtu dituzte festetako lehen egunean

Leyre Carrasco 2024ko abuztuaren 7a

Salontzo festetan murgildu dira gaur eguerdian berastegiarrak, eta arratsaldean, berriz, Leitzako eta herriko gazteen arteko herri kirolen erakustaldia egin dute eskola atarian.

Gogo handiz eta indarrez abiatu dituzte festak berastegiarrek. Hala erakutsi dute gaur arratsaldean Leitzako gazteen aurka egin duten herri kirolen erakustaldian. Egin beharreko lanen artean trontzan, txingatan, lokotxetan, harria jasotzen eta korrika aritu dira, besteak beste. Adin guztietako herritarrak bildu dira eskola atarian, eta denen animoei esker, etxekoena izan da garaipena.

Ospakizuna borobiltzeko, perku-poteoa izan dute ondoren, herriko batukada taldearen eskutik. Iluntzean herri afaria egingo dute, eta ondoren, sari banaketak izango dira. DJ Bull-en erritmoekin amaituko dute lehen festa eguna.

Hala ere, igandera arte izango da zertaz gozatu Berastegin. Ikusi hemen egitarau guztia.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!