ELKARRIZKETA

«Denei zuzenduriko hitzaldia izango da»

Ataria 2024ko eka. 13a, 17:59

Aritz Ganboa artzainak Sakanan martxan jarri duten esperientzia kontatuko du Berastegiko udaletxean emango duen hitzaldian.

Hitzaldien izenak atentzioa eman dit: Hitzaldi inspiratzaileak. Zergatik?

Nik ulertzen dudanetik bilatzen dena da, bai sektorearen barruan lanean ari diren agente ezberdinen partetik, bai lekuko entitateen partetik eta baita norbanakoen partetik ere, aurrera begirako gogoetak, eta gogoeta horiek egiteko orduan inspirazioa edo, gutxienez, perspektiba irekiera bat eskatzen duen begirada bat dela, eta alde horretatik planteatzen ari direla gogoeta hauek.

Aurrera begirako eskualdeko programa bat osatu nahi dute eta inspirazioa beste leku batzuetatik etorri daiteke ere. Kasu honetan zuen adibidea kontatuko duzue, ezta?

Helburu nagusia, nire partetik behintzat, batetik, nekazari artzain bezala lekualdatzea da eta gure egitasmoa aurrera eramateko begirada luzeari nola erreparatu diogun eta bide horretan zein erabaki hartu ditugun, zergatik eta zein norabide hartu dugun, baina bestetik ere inguruko agente ezberdinekin parte hartuz, Sakanan kasu honetan, gure begirada luzeko garapenari erreparatuz egindako ibilbidean ere hartutako erabaki eta egindako praktikak eramango ditut, beti ere, nire artzain izatearen esperientziatik egin dezakedan ekarpen gisa.

Zeintzuk dira esperientzia horiek?

Lehenik eta behin, gure eskualdearen iraunkortasunaren perspektiban gogoeta estrategiko baten markoan kokatu behar dugu, eta hor lehen sektoreak duen garrantziaz hitz egin behar dugu. Beraz, ez dugu soilik nekazari bezala edo artzain bezala zein gogoeta egiten dugun ulertu behar, baizik eta herritar bezala inguruko garapenari dagokion gogoeta markoztatu behar dugu, eta hori adieraztera nator. Hori egiteko bi ardatz izan dira nagusi. Batetik, herriko beste guztiekin partekatu ditugun gogoetak nola partekatu ditugun eta nola sartu dugun lehen sektore hori gogoeta partekatu horretan eta, bestetik, sektorean gauden nekazari edo abeltzain, eta kasu honetan abeltzain eredu txiki eta jasangarriez aritu beharko ginateke, nola elkartu garen, elkar begira jarri garen eta aurrera begirako barne hausnarketa bat eginez. Beraz, bi horiek uztartzearen nolabaiteko esperientzia eramango dut.

Hartutako bide horretan gustura zaudete? Eroso sentitzen zarete? Argia ikusten duzue?

Ezinbestean egin behar den gauza bat dela ikusten dugu. Ez dela behin egiten, baizik eta ardia jetzi eta gaztak egunero egin behar diren bezala, gogoeta hauek eta parte hartze hauek gure egunerokotasunera eraman behar dira. Gu oso konforme eta oso gustura gaude bi ildo hauek herritarrekin partekatzeaz. Ardura hau eta sektorearen barrura begiratu, antolatu eta elkartearen ondorioz, adibidez, artzain bezala hartu ditugun erabakiek eraman gaituzte egoera hobeago batean egotea, baina ibilbide bat bezala ulertzen dugu. Alegia, ondo egoteko aurrera begira zer behar daude? Zer egin behar dugu? Eta niretzako hor dago elementu oso garrantzitsu bat, zeina oso positiboki baloratzen dugun. Guk ardura partekatuan oinarritutako nekazaritza eta elikadura eredua behar dugula deitzen diogu, eta ardura partekatuaz ari garenean, ari gara herritar guztiok partekatu behar dugula gure eremu guztien bitartez, instituzio publikoak, enpresa pribatuak, gizarte eragileak, eta noski, sektoreak. Zentzu horretan oso positiboki hartzen dugu Sakanan gertatu dena. Adibide txikiak baditugu, adibidez, zatitze gela bat sortu dugu, hiltegia hil zorian zegoen eta bideratzea lortu dugu, bertako komertzio txikiekin elkarlanean dinamika interesgarri bat sortu dugu Dastatuz Sakana bezala eta hainbat azoka berreskuratu ditugu, zeinean azoka gardenen perspektiba hori garatzeko aukera eman digun. Beraz, nik esango nuke oso balorazio positiboa egiten dugula nahiz eta oraindik urruti gauden lehen sektoreak eduki beharko lukeen zentralitate hori edukitzetik.

Beharrezkoa zela aipatu duzu. Horrek zer esan nahi du lehen sektorea benetako krisi batean dagoela?

Bai, krisian dago eta ez bakarrik lehen sektorea delako, baizik eta sistematikoki gizarte honek eraikitzeko erabili dituen baliabideek eta eskemek eraman dutelako krisian egotera. Beraz, hau ez da konponduko bakarrik sektorearen inguruan egiten ditugun hausnarketa eta egiten ditugun kritikekin. Alegia, hau izan behar da gizarte guztiak elkarrekin egin beharreko erronka bati begira ulertzen badugu. Horregatik, elikadura burujabetzak eskaintzen dizkiguten politikak behar ditugu. Horrek zer esan nahi du? Gure herria nola eraikitzen dugun bilatu behar dugula, eta herri hori eraikitzerako orduan elikadurak eta nekazaritzak zer behar dituen herriarentzako. Orduan konturatzen garena da ez ditugula nekazariak, ez daudela nekazaritza proiektuak, eta hortaz, gure elikadura ez dagoela gure esku, baizik eta momentu honetan badagoela kanpo agente eta beste faktore batzuen esku.

Aipatu duzun bezala, hau ez da lehen sektoreko jenderentzako bakarrik, herritar guztientzat zabaldutako hitzaldia da.

Bai eta nik uste horrela izan behar duela eta Tolomenditik horrela planteatzen dutela. Azken finean, lehen esan dudan elementu horri erantzuten dio, nekazaritza eta elikadura ardura partekatuaz hitz egiten ari bagara, gizarte guztion artean partekatu behar diren gogoetak dira. Beraz, noski sektorea ordezkatua egon beharko litzateke bertan instituzioek daukaten garrantziagatik eta daukaten arduragatik egon beharko lukete. Azkenean, herritarrek daukate erabakia eta hitza eta horrelako proiektuei indarra emango diona herritarra da. Beraz, denok daude gonbidatuta eta ahal den neurrian partekatuko ditugu gure ikuspegiak ea inspiratzaileak suertatzen diren.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!