Ibon Garaiburuk ez du eskuratu finalerako txartela

Ataria 2023ko urriaren 17a

Euskal Herriko Bigarren Mailako Aizkolari Txapelketako lehenengo kanporaketa jokatu zen igandean Elgoibarren, eta bertan parte hartu zuen Ibon Garaiburu berastegiarrak.

Lehen hiru postuetan sartu behar zuen finalerako txartela lortzeko, baina azkenean bosgarren amaitu zuen aizkolari gazteak. Oihan Larretxea izan zen kanporaketako irabazlea, 18.17ko denbora eginez; Aritz Irazabal izan zen bigarren (18.57); Jon Rodriguez, hirugarren (20.52); Cesar Fernandez de Landa laugarren postuan (21.15); ondoren Ibon Garaiburu (22.57); seigarren postuan Iker Gorriti sailkatu zen (25.25), eta Iosu Santamaria izan zen zazpigarrena (26.35).

Garaiburuk iaz lortu zuen bigarren mailarako igoera, eta aurten, finalean egotea zuen helburu. Egin beharreko lana ez zen nolanahikoa izan: hiru kanaerdiko, 60 ontzako bat eta, azkenik, oinbikoa.

Igande honetan jokatuko da bigarren kanporaketa, Mungian, 13:00etan, Matxin plazan. Hodei Hiruretagoiena, Xabier Gartzia Utxu, Ibai Telletxea, Beñat Lekue eta Julen Aranberri ariko dira lehian. Patxi Mindegia ere parte hartzekoa zen, baina lesionatuta dagoelako ez da kanporaketan izango.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!