Berastegiko azokan postua jartzeko izen ematea zabaldu dute

Tolosaldeko Ataria 2023ko urr. 11a, 11:58

Kultur Astearen barruan, XXV. Azoka Eguna ospatuko dute azaroaren 5ean; postua jarri nahi dutenek urriak 15a baino lehen eman beharko dute izena.

Aurten ere kultur astearen barruan azoka eguna ospatu du Berastegiko Udalak. Hogeita bosgarren edizioa izango dute aurtengoa, eta azaroaren 5ean izango da, 11:00etatik aurrera. Eguraldiaren arabera frontoian edo plazan egingo dutela jakinarazi du udalak.

Azokan bertan postua jartzeko interesa duten herritarrek 934 68 30 00 zenbakira deituta edo kultura@berastegi.eus helbidera idatzita egin dezakete, urriaren 15a baino lehen. 12 urtetik beherakoek ezin izango dute posturik jarri.

Gainera, urteroko moduan, azoka egunean hainbat lehiaketa eta erakusketa izango dira ikusgai goizean zehar; gazta lehiaketa, postu lehiaketa, argazki lehiaketa, ardi, ahari eta bildots lehiaketa, animali erakusketa eta sagar tarta lehiaketa.

Udalak adierazi bezala, postu lehiaketan herriko eta herritarren produktuez osatutako postuek bakarrik hartuko dute parte, eta sari bakarra banatuko da.

Ardi, ahari eta bildots lehiaketan, berriz, herriko edozein artzainek parte hartu lezake. Parte hartzaile bakoitzak ardi, ahari eta bildots bana aurkeztu beharko ditu, muturbeltz edo muturgorri izan, eta antolakuntzako kideek adierazten dieten lekura eraman beharko dituzte, 10:00etarako. Hiru sari bereiziko dira ardi, ahari eta bildots onenarentzat.

XXXII. Gazta Lehiaketa

Gazta lehiaketan parte hartu nahi duten herritarrek azoka egunean bertan aurkeztu beharko dute beren gazta, 10:00etan. Herritarrek bakarrik parte hartu dezakete eta norbere etxeko ardi-esnearekin egindako gazta aurkeztu beharko du. Parte hartzaile bakoitzak gazta bakarra aurkeztu beharko du.

Epaimahaiak goizean zehar hartuko du erabakia, 11:30etik 13:00etara, eta bost sari banatuko dituzte denera. Ordainketa izena ematerakoan egingo da, kiloko 17 euro.

IV. Sagar Tarta Lehiaketa

Sagar tarta lehiaketan parte hartu nahi duten herritarrek ere azoka egunean bertan aurkeztu beharko dute beren sagar tarta, 11:00etan. Egileak nahi dituen osagaiak erabili ahalko ditu eta tarta bakar bat aurkeztu ahalko du.

Epaimahaiak sagar tartaren itxura, usaina, originaltasuna eta, batez ere, zaporea hartuko ditu kontuan, eta hiru onenek izango dute saria. Lehiaketan parte hartzen duten sagar tarta guztiak arratsaldean dastatu ahal izango dira.

XXV. Argazki Rally Herrikoia

Kultur astea gerturatzearekin batera, hemen da XXV. Argazki Rally herrikoia ere. Parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute eta azken eguna gaur izango da. Izen ematea udal bulegoetan, 943 68 30 00 zenbakira deituta, kultura@berastegi.eus helbidera idatzita edo 688 681 952 zenbakira Whatsapp bat bidalita egin daiteke.

Bihar, egunean zehar, parte hartzaileei telefonoz, helbide elektronikoz edo Whatsapp bidez aurtengo gaia zein izan den jakinaraziko zaie. Aukeratutako hiru argazkiak helbide elektronikoz bidali beharko dira kultura@berastegi.eus helbidera, urriaren 15ean, 23:59 baino lehen.

Argazkiak egiterakoan Berastegiko mugen barruan izan beharko dutela zehaztu du Berastegiko Udalak, eta ezin direla manipulatu. Aurkezten diren argazki guztien artean epaimahaiak hiru argazki onenak aukeratuko ditu. Irabazleak nortzuk diren azaroaren 5ean jakingo da, azoka egunean. Argazki guztiak ikusgai jarriko dituzte udaletxean, kultur asteak irauten duen bitartean, eta Berastegi.eus webgunean ere jarriko dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!