Elkarrizketa

«Aldin kulturako hutsunea betetzeko sortu genuen»

Endika Apalategi Labayen 2023ko abu. 7a, 11:00

MIRARI SAIZAR ETA JUAN INAZIO ELOSEGI. ALDIN ELKARTEKO KIDEAK

Aldin Kultur eta Kirol elkarteak 21 urte hauetan egin duen lan guztiagatik, eta Aidanen aldizkariaren 20. urteurrenagatik, festetako suziria jaurtitzeko ohorea izango du.

Txupinazoa jaurtitzeko berria nola jaso zenuten?

Mirari Saizar: Kultur zinegotziak abisatu zidan pertsonalki herriko jaietako txupinazoa jaurtitzeko aukeratu gintuztela. Elkartekoek izugarrizko poza hartu genuen berria jasotzean, eta eguna iristeko gogoz gaude.

Egun horretan zein izango da zuen egitekoa?

Saizar: Urteroko moduan egingo dutela uste dut. Udaletxeko balkoira igo beharko dugu, eta alkateak hitz batzuk eskaini ostean, suziria piztea egokituko zaigu. Suziria lehertzearekin batera hasiko dira Salontzo jaiak.

Zer dela eta hautatu zaituzte zuek?

Saizar: Aldin Kultur eta Kirol Elkartean Aidanen aldizkariaren 20. urteurrena bete dugulako aukeratu gaituztela uste dugu guk. Elkarte bezala, 21 urte daramatzagu lanean eta aldizkariaren lehenengo zenbakia 2004. urtean atera genuen. Guk ateratzen dugun aldizkaria, urtekaria da eta urtero Salontzo jaien bueltan argitaratzen dugu.

Nolatan sortu zenuten Aldin elkartea?

Saizar: Belaunaldi ezberdineko jendea elkartu ginen, eta kultura arloan hutsune bat ikusten genuenez herrian, bokazioz Aldin Elkartea sortzea bururatu zitzaigun.

Juan Inazio Elosegi: Kirol elkartea berriz, kultura elkartea baino sei urte beranduago sortu genuen, eta behar bati erantzuna ematearen arrazoiagatik izan zen. Mendizale asko zegoen Berastegin, eta ez zeukatenez non federatu, Aldin elkartekoak federazioan sartu ginen eta mendizaleak federatzen hasi ginen.

Zenbat kidek osatzen duzue Aldin Elkartea gaur egun?

Saizar: Gaur egun, Aldin Elkartean zortzi lagunek egiten dugu lan. Sei lagunek kultura arloan egiten dugu lan, eta beste bik berriz kirol arloan. Elkartearen 21 urte hauetan, hogei lagun aritu gara lanean, eta lantaldeaz gain kolaboratzaileen laguntza ere izaten dugu.

Eta aurrera begira zein dira zuen asmoak?

Saizar: Azken hamarkadan, lantalde berbera aritu gara lanean, eta gazte jendea falta izan zaigu laguntzeko. Aurten ordea, jende berria eta gaztea sartu zaigu, eta hurrengo urteetan gehiago animatzea nahiko genuke. Horretaz gain, orain bezala urtez urte aldizkaria argitaratzen jarraituko nahiko genuke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!