Artzaintzak Berastegin daukan garrantzia erakutsi eta balioan jartzeko BE! Artzain kultura asteburua ari dira ospatzen. Berastegi non dagoen, zer den eta nolakoak diren berastegiarrak ezagutzera ematea da ekimenaren helburua, eta horretarako askotariko ekitaldiak antolatu dituzte. Egitarauari festa kutsua darion arren, «gastronomia festa batetik haragoko zerbait» izatea nahi dute: «festaz gain, ikasketa bat ere izan dadila nahi dugu, herria bera eta artzain lanbidea balioan jarriko dituena», azaldu du Amaia Azkue alkateak.
Bada, atzo bazkalostean ekin zioten egitarauari. Artzaintzaren, gaztagintzaren, gastronomiaren inguruan hitzaldiak izan ziren hainbat adituren eskutik, eta borobiltzeko afaria izan zuten.
Gaurkoan, herriko borden ondarea bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute, goizean nahiz arratsaldean egin dituzten bisitetan. Goizeko bisitan 50 pertsona inguru elkartu dira plazan, eta Astotrekeko hiru astoen laguntza izan dute Elutseko bordara iristeko. Bidean geldialdi bat egin dute, eta Aritz Aierbe Astotrekeko arduradunak astoen inguruko azalpenak eman ditu, nondik datozen, zer funtzio betetzen zuten eta duten edota nolakoak diren eta zer behar duten azalduz. Anbroxio, Meski eta Jai astoak bereziki erakargarri izan dira parte hartu duten gaztetxoenentzat.
Behin bordara iritsita, borda barruan herriko lau artzainekin solasaldia egin dute. Juanito Malkorra, Joxe Miel Urkizu, Andres Etxeberria eta Maria Jesus Labaien aritu dira solasean, Josu Ozaita antropologoak gidatu du hizketaldia. Horren ondoren, gazta dastatzeko aukera izan dute bisitan parte hartu dutenek. Hiru gazta mota eskaini dituzte, ketua, gazta berria eta gazta zaharra, eta RBLD sagardoaren laguntzarekin hartu dute mokadutxoa.
Behin tripak aseta, astoak hartu eta berriro ere herriko plazara itzuli dira.
Arratsaldean ere, 15:00etan hasita beste bisita bat egin dute. Ordu berean, haurrekin gazta kultura ikastaroa hasi da. Oier Ugartemendia eta Iraitz Garaiburu herriko artzain gazteek etiketa baten diseinuaz erakutsi diete, eta dastaketa ere egin dute. 17:00etan hasita, berriz, gastronomia, artisautza eta musika batuko dira Berastegin, azoka gastronomikoa zabalduko baitute. Gastronomia postuak, arkume haragi paketeak, gazta postuak, Artiletik harira, Maduixa Gorria artisauaren eskutik artile garbia kardatu eta haria egiteko prozesuaren tailerra, BE! liburuaren salmenta eta Zigor DZrekin musika zuzenean izango da. Eta biharko ere artzain kulturaz ikasteko egun osoko eskaintza prestatu dute.
MARTXOAK 5, IGANDEA
- 10:30ean, 11:30ean eta 13:00etan. Gazpio artegira bisitak.
- Goizean zehar. Artzain kultura ibilbidea. Berastegiko belazeak aire libreko museo bilakatuko dira, 2 kilometroko ibilbidean zehar, gune ezberdinetan artzain kultura ezagutzeko.
- 14:30. Arkumea burruntzian erreta, bazkari erraldoia, aparkaleku azpian. Aurrez tiketak erosi beharko dira.
- 17:30. Andoni Ollokiegirekin kantaldia.