Gaurtik igandera bitartean, BE! Artzain kultura asteburua ospatuko dute Berastegin. Gaur arratsaldean emango zaio hasiera, hausnarketarako prestatu dituzten jardunaldien bidez, eta bihar eta etzirako, astoekin bordara bisita gidatuak, herriko artzain gazteen eskutik haurrentzat gazta kultura ikastaroa, azoka gastronomikoa, artzain kultura ezagutzeko aire libreko museoa edota arkume jatea izango dituzte.
Artzaintzak Berastegin daukan garrantzia erakutsi eta balioan jarri nahi dute, bertako jendearen parte hartzearekin. Halaxe azaldu du Amaia Azkue Berastegiko alkateak. «Orain arte sektorean eta lanbidean egindako lan guztiaren adierazpen bat da, artzaintzak dauzkan eremu eta alor guztiak erakusteko behar bat genuen».
Potentzial hori guztia erakutsiko duena herrian bertan daukatela esan du. Horrela, herritarrak eta herriko produktuak izango dira protagonista. «Erakutsiko dugun ia guztia herritarrek beraiek egindakoa izango da. Elikagai eta produktuen inguruan, arkumea, gazta edota ardi esnetik eratorritako produktuak erakusgai izango dira, dastatzeko moduan; horrez gain, artzaintzarekin lotura duten beste hainbat alor ere erakutsiko ditugu».
Besteak beste, arditik eratorritako elikagaiak dastatzeko aukeraz gain, artilea nola egiten den ikusteko aukera, artzain txakurren erakustaldia, asto gainean ibiltzeko aukera, ardi arraza ezberdinen eta artzaintzako tresnen erakusketa edota ardiei ilea mozteko erakustaldiaz gozatzeko aukera izango da datozen egunetan. «Sektoreak zer ibilbide izan duen erakutsi nahi dugu, eta gaur egun nola dagoen».
Festa kutsua dario egitarauari, baina «gastronomia festa batetik haragoko zerbait» izatera iritsi nahi dute: «Ikasketa bat ere izan dadila nahi dugu, herria bera eta artzain lanbidea balioan jarriko dituena; festa bai, baina ikasketa bat ere izatea nahi dugu jendearentzat». Bide horretan, «eredu eguneratuago batean» osatu dute asteburuko egitaraua.
Herri bezala ere, Berastegi non kokatuta dagoen erakutsi nahi dute. «Non gauden, zer garen eta nolakoak garen erakutsi nahi dugu asteburu honen bitartez». Gaur egun ia 3.000 ardi daude Berastegin, hirurogei bat etxetan banatuta, eta horri esker dute halako paisaia herrian.
Helburu argi batekin egin dute lan artzain kultura asteburua antolatzeko: «Zer pentsatua eman nahi dugu, eta dauzkagun mitoak puskatzeko aukera izan behar du asteburuak». Alkateak gehitu du errealitatetik jaso behar dela sektorearen eta lanbidearen inguruan dagoen informazio jarioa. «Gehienok badugun horren inguruko ideia, baina errealitatetik ez da jakiten askotan». Antolatutako ekintza batzuk horretarako balio dezatela nahi dute.
Gaurtik igandera bitarte, hiru egun «trinko» bizituko dituzte Berastegin Azkueren ustez, eta herria «horretan inplikatuta» egongo da. «Egun batean ez bada bestean, ekintza batean ez bada bestean, herritarren zati handi bat presente izango da, bai laguntzeko, bai parte hartzeko». Herrian ez dela ilusio eta gogorik falta esan du.
Auzolana ardatz
Artzain kultur asteburua antolatzeko ideia duela urtebete inguru eratu zen Artzain Mahaian sortu da. Berastegiko Udalak artzaintzaren inguruko antropologia lana egin zuen lehenik, eta BE! liburua argitaratu zuten ondoren. Hurrengo pausoa izan zen Artzain Mahaia sortzea: «Artzainentzat espazio bat eta gogoetarako eremu bat lortu nahi izan dugu, beraien beharrak udalari adierazteko espazio bat, eta ahal den neurrian, eskatutakoa harrera eramateko bidea jarri nahi izan dugu. Asteburu hau antolatzeko ideia hor atera zen».
Ondoren, guztia antolatu ahal izateko, deialdia zabaldu zuen udalak, talde motorra sortu zedin. Gutxi gorabehera 25 laguneko taldea osatu da, zazpi azpitaldetan banatuta. Talde bakoitzak ardura izan du ekintza jakin bat antolatzeko edo komunikazioan lan egiteko eta gustura agertu da Azkue, egin duten lanarekin: «Izugarrizkoa izan da talde bakoitzak eraman duen dinamika, beste behin ere erakustaldi bat izan da».
Gehitu du Berastegik baduela berezitasun hori, «auzolanean eta borondatez» herri mailan ekintzak antolatzekoa. «Horrekin ere ikus daiteke herrian nola funtzionatzen dugun, zer herri daukagun eta zergatik daukagun. Horretan, artzaintzak garrantzia handia duela uste dut».
Hiru egun hauetarako beste hainbeste boluntario osatu dituzte, ekintzak banan bana aurrera eraman ahal izateko. «Jendearen erantzuna txalotzekoa izan da», dio pozez alkateak.
Herritar guztiak gonbidatu nahi ditu BE! Artzain kultura asteburuko ekintzetan parte hartzera eta inguruko herritarrentzat ere ateak zabalik izango dituztela esan du. Era berean, gogorarazi du garraio publikoa erabili daitekeela herrira iristeko. Autobus zerbitzua dago, Tolosatik hasita, bidean geratzen diren herri guztientzat. Tolosaldeabus.eus webgunean ikus daitezke ordutegiak.
BORDARA BISITAK
Herriko borden ondarea ezagutu asmoz, Juangone baserriko bordara bisita egingo dute bihar. Bi bisita izango dira, 10:00etan bata eta 15:00etan bestea. Plazatik abiatuta osatuko da bordarako ibilbidea, Astotrekeko astoen laguntzaz. Ibilbidean zehar, Astrotekeko arduraduna den Aritz Aierbek azalpenak emango ditu astoaren bizimoduaren eta garrantziaren inguruan. Behin bordara iritsita, herriko hainbat artzainek, Maria Jesus Labaien, Joxe Miel Urkizu, Andres Etxeberria eta Juanito Malkorrak azalpenak emango dituzte. Horren ostean, astoen bidez garraiatutako gaztak jateko aukera izango dute. Bisita amaitzeko, berriro ere plazara itzuliko dira guztiak.
ARTZAIN KULTURA IBILBIDEA
Berastegiko belazeak aire libreko museo bilakatuko dira igande goizean, 2 kilometroko ibilbidean zehar. Gune ezberdinak izango ditu ibilbide zirkularrak eta gune horietan artzain kultura ezagutzeko aukera izango da. Plazan izango du abiapuntua, eta informazioa emango dute bertan, ibilbidearen inguruko eskuorri batzuk banatuz. Bidean zehar, Euskal Herriko ardi latxaren azpi arrazen erakusketa egongo da esaterako. Astotreken eskutik, astoekin itzuliak egiteko aukera ere eskainiko dute zelaian. Beste gune batean, euskal artzain txakurren erakusketa egingo dute. Ibilbidea elizatik pasako da, eta gune horretan, zimiterioan, artzainen lan tresnen eta Aranzadiren erakusketa ikusteko aukera izango da. Bidean aurrera eginda, ardiei ilea mozteko gunea izango da batetik, eta ardiak jezteko gunea bestetik; ordu erdiro egingo dituzte erakustaldi horiek, 11:00etan hasita azkena 13:00etan egin arte. Hurrengo gunean herriko musikariak arituko dira giroa alaitzen eta inguru horretan photocall-a jarriko dute, argazkiak atera ahal izateko. Azken gunean, gazta ezberdinak izango dira dastagai eta azalpen labur batzuk emango zaizkie gerturatzen direnei.
AZOKA GASTRONOMIKOA
Bihar arratsaldean, Berastegiko plaza azoka gastronomiko bilakatuko da, 17:00etatik aurrera. Postu ezberdinak jarriko dituzte. Batetik, gastronomiari lotuta, herriko elikagaiak dastatzeko aukera izango da: arkume gisatua, arkume txuletilak parrilan, gazta kroketak, mondejua, mamia, gazta tarta, gazta... Hori guztia lortzeko tiketak aldatu beharko dira diru truk, horretarako prestatuta egongo den postu batean. Eta bestetik, arkume haragi paketeak erosteko aukera izango da, baita BE! liburua edota Gazpio gaztandegiko gazta erosteko aukera ere. Era berean, Maduixa Gorria artisauak, artile garbia kardatu eta haria egiteko prozesua erakutsiko du postu batean. Hori guztia zuzeneko musikaz lagunduta. Musika jartzen Zigor DZ arituko da.
HAURREKIN GAZTA KULTURA
Berastegin badira artzaintza lehen eskutik bizitzen duten artzain gazteak. Horietako bi, Oier Ugartemendia eta Iraitz Garaiburu, gazta kulturara gerturatzeaz arduratuko dira, bihar, 15:00etan, udaletxeko erabilera anitzeko gelan egingo duten ikastaroan. Bi artzain gazteek azalpenak emango dituzte lehenik, eta bertaratzen direnek, gaztaren etiketa baten diseinua egingo dute jarraian, margoz. Gazta dastatzeko aukera ere izango dute bertaratzen direnek.
EGITARAUA
MARTXOAK 3, OSTIRALA
HAUSNARTU ETA EKIN JARDUNALDIAK, UDALETXEAN
- 14:30. Kafea.
- 14:45. Aurkezpena Amaia Azkue alkatearen eta Ione Gorostarzu poetaren eskutik.
- 15:00. Artzainaren gogoetak, belazeko talaiatik, Artzai Gaztako Ander Barandiaranen eskutik.
- 15:30. Malgutasun baimenarekin gazta egiten esperientzia, Bordaxar eta Adarrazpiko baserritarren eskutik.
- 16:00. Arkumea kutixi, gastronomiatik errelatoa, Javi Rivero sukaldariaren eskutik.
- 16:30. Esperientzia pilotua: arkumea etxeraino, Larsabi kooperatibaren eskutik.
- 17:00. Mahai ingurua: Zer egin dezakegu, zer egin daiteke?, parte hartzaile guztiekin.
- Ondoren. Afaria, parte hartzaile, babesle, udaleko kide eta artzain mahaiko kideekin.
MARTXOAK 4, LARUNBATA
- 10:00etan eta 15:00etan. Bordara bisita, astoekin. Astrotrekeko astoek lagunduta.
- 15:00. Haurrekin gazta kultura ikastaroa. Etiketa baten diseinua eta dastaketa. Oier Ugartemendia eta Iraitz Garaiburu herriko artzain gazteen eskutik.
- 17:00-23:00. Azoka gastronomikoa. Gastronomia postuak, arkume haragi paketeak, gazta postuak, Artiletik harira, Maduixa Gorria artisauaren eskutik artile garbia kardatu eta haria egiteko prozesuaren tailerra, BE! liburuaren salmenta eta Zigor DZrekin musika zuzenean.
MARTXOAK 5, IGANDEA
- 10:30ean, 11:30ean eta 13:00etan. Gazpio artegira bisitak.
- Goizean zehar. Artzain kultura ibilbidea. Berastegiko belazeak aire libreko museo bilakatuko dira, 2 kilometroko ibilbidean zehar, gune ezberdinetan artzain kultura ezagutzeko.
- 14:30. Arkumea burruntzian erreta, bazkari erraldoia, aparkaleku azpian. Aurrez tiketak erosi beharko dira.
- 17:30. Andoni Ollokiegirekin kantaldia.