Berastegiko jaiak 2022

Odol emaileen elkarteko kideek abiatu dute festa

Jon Miranda Labaien 2022ko abuztuaren 5a

Odol emaileen elkarteko herriko kideek bota dute jaien hasierako suziria eta berastegiarrak animatu dituzte odola ematera. Salontzo eguna bitarte luzatuko dira festak Berastegin.

Abiatu dira Berastegiko salontzoak. Eguerdian bota dute festak hasteko suziria eta txupinazoa botatzeko ohorea izan dute herriko odol emaileen elkarteko kideek. 2000. urtean jarri ziren martxan odol emateak Berastegin eta udaletxeko balkoian izan dira gaur Marisol Atxukarro eta Lurdes Otegi, baita 90 alditan baino gehiagotan odola eman duen Asun Lizartza ere.

Amaia Azkue alkateak udal gobernuaren izenean eskerrak eman dizkie herriko odol emaileei. Hauek berriz, aipatu dute eskertuta jaso dutela txupinazoa botatzeko gonbidapena eta okasioa baliatu dute jendea odola ematera animatzeko. "Azken aldian behera doa emaile kopurua, horregatik garrantzitsuak zarete emaile berriak, batez ere gazteak, urte asko dituzuelako aurretik laguntzen jarraitzeko". Odola ematea, bizitza ematea dela esanez amaitu dute pregoia eta ondoren piztu dute suziria.

Giru urteren ondoren berriro normaltasunez ospatzen diren festak, alaitasunez eta errespetu osoz ospatzeko deia luzatu dute udaletxeko balkoitik, bai odol emaileen elkarteko kideek, baita udal ordezkariek ere. Jaiak hasteko suziria bota ondoren, txistulari eta trikitilariak udaletxeko arkupeetatik kalejiran abiatu dira eta buruhandiak atera dira plaza aldera.

Gaurko honako egitaraua dute prestatuta Berastegiko San Lorentzo festetako lehen egunerako:

  • 17:30. Herritarren arteko herri kirolak, eskola atarian
  • Ondoren. Perku poteoa, herriko batukada taldearen eskutik.
  • 21:30. Herri afaria.
  • 00:00. DJ Jotatxo.

Datorren asteazkenera bitarte luzatuko dira festak Berastegin.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!