Berastegiko jaiak 2022

Geroz eta jai parekideagoak

Irati Saizar Artola 2022ko abuztuaren 4a

San Lorentzo eguna iritsi aurreko egunetan ospatuko dituzte festak berastegiarrek eta egunarekin berarekin emango diote amaiera; tartean, egun bateko atsedena hartuko dute; aurten, lehen aldiz, emakumeei zabaldu zaie deialdia soka dantzan parte hartzeko.

Abuztuaren 5etik 10era ospatuko dituzte salontzoak Berastegin. Herriko odol emaileen elkarteko kideak arduratuko dira aurten suziria pizteaz, eta hortik aurrera, ez du etenik izango festak. San Lorentzo eguna bitarte ospatuko dituzte, baina abuztuaren 8a atseden hartzeko eguna izango dute. Horrela, bost egun izango dituzte festarako

Pauso txikiak, baina neurri berean handiak ari dira ematen azken urteetan Berastegin, parekidetasuna ardatz hartuta. 2019ko jaietan hartu zuten parte lehen aldiz emakumeek San Joan dantzetan, eta iaz, oso-osorik emakumez osatutako taldeak dantzatu zituen San Joan dantzetako pieza guztiak herriko plazan. Aurten, beste ahalegin berezi bat egin nahi dute, eta salontzo egunean arratsaldez egingo den helduen dantza sokan lehen aldiz emakumeek parte hartu dezatela nahi du festa batzordeak. Deialdia zabalduta dute, ea pauso txikia berriro ere handi bilakatzen den.

Eta kuadrilla egunerako ere deialdi berezi bat egin dute. Kuadrilla eguna herritar gehiagorengana zabaldu asmoz, adinez nagusiagoak diren kuadrillei ere deia egin zaie patata tortilla lehiaketan parte hartu dezaten, eta bazkarira ere anima daitezen. Kuadrillak ez direlako gazteenak bakarrik izaten.

Gainerakoan, festetako zapi urdina lepoan, haur, gazte eta helduentzat izango da zer ikusia eta zertan parte hartua, bost egunez.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!