Hasi dira Gazte Festak girotzen

Tolosaldeko Ataria 2022ko mar. 14a, 12:49

Asteburu honetan ospatuko dituzte Gazte Festak Berastegin; pasa den asteburu honetan, mus txapelketa eta frontenis txapelketako finalak jokatu dituzte.

Jai giroaz betetako asteburua dute aurretik Berastegin. Bi urteko etenaldiaren ondoren, ohikoa duten moduan, San Jose egunaren bueltan, Gazte Festak ospatuko dituzte. Ostiralerako eta larunbaterako prestatu dute egitaraua, baina larunbat honetan, girotzen joateko, mus txapelketa jokatu dute Urepele biltokian. Amaia Azkuek eta Garbiñe Ezkerrak osatutako bikoteak irabazi zuen lehia, eta horrela, Euskal Herriko XIII. Mus Txapelketako herrialdeko kanporaketara sailkatu dira. Finala Julen Sarasola eta Julen Labaienen aurka jokatu zuten.

Horrez gain, pilotalekuan frontenisa izan zen protagonista. Azken hilabetean txapelketa jokatzen aritu dira gazteak, eta larunbat arratsaldean jokatu ziren finalak. Banakakoan Julen Garaiburu izan zen irabazlea, Iker Saizarren aurka irabazita. Binakakoan, berriz, banakakoan elkarren aurka aritu ziren Garaiburu eta Saizar bikoteak eskuratu zuen lehen postua, Julen Sarasola eta Julen Labaienen aurka. Berez, Sarasola eta Labaienen lekuan Xabier Saralegi eta Julen Amonarriz ziren aritzekoak, baina lesio bat tarteko, txapelketan partida gehien irabazi zituen bikoteak izan zuen finalean lehiatzeko aukera.

Egiataraua

Martxoak 18, ostirala

  • 18:00. Harituz Tolosaldeko Bertsozale Elkarguneak antolatutako Plazara ekimena, Urepele elkartean. Bertsolari gazteen saioak ari dira antolatzen. Bertsolariak: Eki Manterola, Beñat Mateos, Ane Zubia, Ane Labaka eta Maialen Lujanbio. Gai jartzailea: Imanol Artola Felix.
  • 19:30. Pintxo potea herrian zehar.
  • 00.00. Tirokatuak taldearen kontzertua Urepele elkartean.

Martxoak 19, larunbata

  • 13:00. txakolin dastaketa, futbol zelaian.
  • Tartean, txapel tiraketa, frontoian.
  • 14:30. Herri bazkaria, frontoian.
  • 18:00. Muxutruk erromeria taldea, frontoian.
  • 21:00. Zahagi ardoa eta bingoa, frontoian.
  • Jarraian, DJ Txoko, frontoian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!