Aurtengoan Negu Trail proba egiteko aukera izango dute

Ataria 2022ko ots. 2a, 20:01

Orain bi urte egindako Negu Trail probaren irudia.

Igande honetan egingo da Berastegiko mendi lasterketaren laugarren edizioa, iazkoa bertan behera geratu ondoren. 300 parte hartzaile espero dituzte irteeran.

IV. Negu Trail mendi lasterketa egingo da igandean Berastegin, eta antolatzaileek espero dute aurtengoan proba gauzatu ahal izatea. «Aurreko urtean astebete lehenago bertan behera utzi behar izan genuen lasterketa, COVID-19aren inguruko neurri berriak sartu zirelako, baina aurtengoan horrelakorik ez da espero», esan du Aritz Mujika antolatzaileak. «Gogoz gaude lasterketaren eguna iristeko, baina esan beharra dago ez dela izango antolakuntzatik gustatuko litzaigukeen moduan. Festa bat izatea nahi dugu, baina lasterketa ondorengo hamaiketakoa ez da egingo, gaur gaurkoz ezin delako horrelakorik egin».

Hamaiketakoa ez egiteaz gain, beste neurri batzuk ere izango dira kontuan hartu behar direnak. Hori horrela, lasterkariek ez dute dutxa eta kontsigna zerbitzua izango, eta anoa puntuetan ez da jatekorik emango. «Bukaeran jarriko ditugu poltsatxo batzuk, korrikalari bakoitzarentzat bana, jaki batzuekin, baina anoa puntuetan ezin dugu hartzeko janaririk jarri», esan du Mujikak. Anoa puntuetan ura eta edari isotonikoa izango dira, korrikalari bakoitzak bere edalontzia izango du eta zer edarirekin bete nahi duen eskatuko du. Maskararen erabilerari dagokionez, antolakuntzatik parte hartzaileei eskatuko diete hasieran jantzita izatea, lehenengo aldapa hasi arte. Helmuga zeharkatu eta gero berehala maskara jartzeko ere eskatuko diete.

Lasterketa 10:00etan hasiko da, eta bere izenari erreparatuz, eguraldiak zeresan handia izan dezake. «Egunero ari gara eguraldi iragarpenak begiratzen, eta elurra azaldu da, euria ere bai, eta baita eguzkia ere; ziurra dena da hotza egingo duela, baina gero zehazki zer-nolako eguraldia egingo duen ez dakigu. Ez dirudi, behintzat, elurrik egingo duenik», esan du Mujikak.

Aurtengoan berriro 300 parte hartzaile izango dituzte. Iaz 200 parte hartzailera jaitsi zuten muga, irteera mailakatua egin ahal izateko, eta lasterketa bertan behera geratu zenean, antolakuntzatik aukera eman zen dortsala aurtengorako gordetzeko. 140tik gora lasterkarik horrela egin zuten, eta izen ematea ireki zutenean 300eko kopurura berehala iritsi ziren. Antolakuntzatik parte hartzaileei eskatu diete jarritako arauak errespetatzea. «Pazientzia izatea eskatzen diegu lasterkariei. Ez da erraza garai hauetan lasterketa bat antolatzea eta eskatzen ditugun gauzak betetzea eskertuko dugu», esan du Mujikak.

Proba hasi aurretik omenaldiak egiteko une bat hartuko dute. Azken bi urteetan, aurreko proba egin zenetik, zendu diren Fermin Kaminos antolakuntzako kidea, eta Iñigo Goikoetxea eta Xabier Gartziarena boluntarioak gogoan izango dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!